Euskaraldirako prestaketa lanak aurrera doaz eta aurten bada azaldu zein martxan jarri beharreko rol berri bat, ariguneena. Aurreko edizioan norbanako gisa hartu zuten parte herritarrek (ahobizi edo belarriprest izan ziren); oraingoan, aldiz, entitate gisa ere egin ahal izango dute. Horientzako figurak dira ariguneak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte: publikoek, gizarte eragileek, enpresek, kooperatibek, kultur eta kirol elkarteek… Bertako kideek euskaraz aritzea bermatu beharko dute une oro, entitate barruan edo herritarrekin duten harremanetan.

Barne edo kanpo-ariguneak

Euskararen erabileraren arabera, barne-ariguneak edo kanpo-ariguneak izango dira. Lehenengoak ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskaraz ulertzen duten taldeak dira. Osatzen dutenen %80k, gutxienez, ados egon beharko du arigunea osatzeko, eta bakoitzak ahobizi edo belarriprest rola hartuta, modu kolektiboan beraien arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko aurrerapausoak emango dituzte.

Kanpo-ariguneak, aldiz, entitateetan herritarrekiko harremanetan dauden pertsonek osatuko dituzte, eta une oro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatu beharko da.

Rol berriaren helburua da entitate horiekiko harremanetan euskararen erabilera handitzea.

Izen-ematea zabalik

Arigune gisa parte hartu nahi duten entitateek izena emateko aukera dute dagoeneko Euskaraldiaren webgunean. Gune berean, euskara ulermena duten taldeak identifikatzen laguntzako tresna jarri dute eskuragarri.

 

Lotutako albisteak: