Beste bat izatera jolasteko garaia heltzear da, zertarako dira, bada, inauteriak? Mozorrotu eta umorea ateratzen lehenak izango dira herrian Iturzaeta Herri Eskolakoak, bihar, ostiralarekin, ospatuko baitituzte inauteriak.

Haur Hezkuntzakoek alde batetik eta Lehen Hezkuntzakoek bestetik, eskolan edo inguruetan zenbait ekitaldi egingo dituzte. Txikienak 14:30ean joango dira geletara prestatzera, eta 45 minutu beranduago emanaldia hasiko da atari txikian. Ondoren, opila jango dute txokolatearekin.

Lehen Hezkuntzakoen emanaldia, aldiz, 14:30ean hasiko da kiroldegian. Ondoren, denak jolasean ariko dira 6. mailako haurrek prestatutako jolasetan, eta amaitzeko, 16:00etan, txokolate beroa hartuko dute bizkotxoarekin.

Aurten, plastikoaren erabilera murrizteko asmoz, ikasleei eskatu zaie etxetik eramateko txokolatea hartzeko edalontzia.