Orain dela bi aste bezala, bihar ere Getarian jokatuko da Gipuzkoako Kutxa Ligako Taldekako Xake txapelketa. Partidak 16:00etan hasita Ulpiano Etxean izango dira. Elkano Getariako xake taldea bertan lehiatuko da, oraingo honetan Santikutz-Legazpi B izango dute aurkari. Taldeko kide den Balbino Inzaren arabera, denboraldi honetako helburua mailari eustea izango da. Horretarako, biharkoaz gain, beste partidu bat baino ez zaie geratzen.

Larunbatero izaten dituzte partiduak. Inzaren esanetan, “taldea, momentuz, nahiko gaizki dabil: lehengo astean Elgoibarren aurka galdu egin genuen eta orain dela bi aste ere, azpeitiarren aurka, ez genuen irabaztea lortu”. Pasa den urtean hirugarren mailatik bigarren mailara igotzea lortu zuten, baina aurten mailari eustea kosta egingo zaiela aitortu digu getariarrak.

Sailkapena

Partidu bakoitzean taldeko lau pertsonek jokatzen dute, buruz buru, beste taldekideen aurka. Getariako taldea, herri desberdinetatik etorritako zortzi pertsona inguruk osatzen dute, “txandakatu egiten gara, larunbat batzuetan batzuek jokatzen dute eta besteetan besteek”. Ondoren, taldearen puntuazioa lau lehiakideek lortutako emaitzen araberakoa izaten da.

Bigarren mailan bi talde daude, A eta B, eta bakoitza zortzi taldez osatuta dago. “Guk guztira zortzi partida jokatuko ditugu, lau Getarian eta beste lau kanpoan”. Hortik, gero, lehenengo mailara igotzeko bi sailkatzen dira, eta beste bi mailaz jaisten dira. Bigarren mailatik hirugarrenera zein jaisten den erabakitzeko play-offak jokatuko dituzte.

Liga urtarrilaren 11ean hasi zuten, eta beste bi jardunaldirekin amaituko dute lehenengo fasea. “Ondoren, martxoan, play-offak izango dira, eta apirilean, jada, liga guztiz amaituko da”.