2019ko azaroaren 26an egindako ohiko udalbatzarrean, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin, 2020-2023ko dirulaguntzen plan estrategikoari behin-behineko onarpena eman zitzaion. Erreklamazio eta iradokizunak aurkezteko epea hilabetekoa izan zen, baina ez zen bat bera ere egon. Hala, plana, otsailaren 25ean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta behin-betiko onarpena eman zitzaion.

2020an zehar emango diren dirulaguntzetara 306.356€ bideratu ditu Udalak, hau da, aurrekontu guztiaren %8,4a. Getariako Udalak jakitera eman duenez, “gure gizartearen kohesioa eta partaidetza bermatzeak eta sustatzeak duen garrantziaz jabeturik, helburu horiek betetzen dituzten jarduerak gauzatzeko, herriko irabazi asmorik gabeko entitateei, urteroko aurrekontuen bidez, dirulaguntzak jasotzeko aukera eskaintzen zaie”. Horrez gain, Udalak “dirulaguntza eskatzen duten erakundeen helburuak diruz lagundutako jardueretan berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioetara egokitzen direla kontrolatu eta aztertuko du”.

Ondorengo arloetara bideratuko dira dirulaguntzak:

  • Merkataritza: 900€ herriko merkataritza balioan jartzeko eta berau sustatzeko ekimen irekiak egiteko.
  • Euskara: 20.400€ euskararen ezagutza bultzatzeko eta areagotzeko, balioan jartzeko, irakurketa ohiturak normalizatzeko eta zabaltzeko.
  • Gai humanitarioak eta gizarte ekintza: 39.635€ pertsona guztien eskubide sozial, zibil eta politikoak bermatzeko, kultur aniztasunaren aldeko politikak garatzeko, Nazio Batuen Milurtekoaren garapen helburuak betetzeko eta garapenerako lankidetza programak antolatzeko.
  • Kultura: 177.821€ euskal kulturaren, ohitura zaharren, nekazaritza ekologikoaren… arloetan jarduerak egin eta indartzeko.
  • Hezkuntza: 19.000€ hezkuntza komunitateak hezkuntza gaiekin osagarriak diren eskolaz kanpoko jarduerak bultzatzeko.
  • Gazteria: 2.000€ gazteei zuzenduriko programak eta egitasmoak sustatu eta laguntzeko.
  • Kirola: 35.700€ herritarren kirol beharrei erantzuteko eta bereziki, bertako kirolak sustatu eta indartzeko.
  • Demokraziako Oinarrizko eskubideen sustapena: 2.400€ bakearen, demokraziaren, elkarbizitzaren eta oroimen historikoa berreskuratzearen aldeko proiektu eta jarduerak gauzatzeko.
  • Auzoak: 8.500€ auzo bizitza sustatzeko.

Horiez gain, nahiz eta ondorengo laurek zuzenean dirulaguntzarik ez jaso, zeharka lantzen diren arloak dira:

  • Sentsibilizaziorako eta gizarte eraldaketarako proiektuentzako dirulaguntzak: eraldaketa soziala bultzatzen duten ekimenak garatu eta indartzeko.
  • Berdintasuna: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko edota emakumeen elkartegintza eta parte-hartzea sustatzeko.
  • Euskal Herria: Euskal Herriaren kohesioa lantzeko.
  • Ingurumena: hiri hondakinen prebentzioari begirakoak, biodibertsitatea babestu eta sutatzeko etab.