Koronabirusaren inguruan erakundeak hartzen ari diren prebentzio neurriak tarteko, zalantza eta kezka ugariko orduak izan dira azken egunotakoak. Getariako Udalak duela pare bat egun hartu zuen eraikin publikoak ixteko erabakia, zerbitzu pribatuek, aldiz, beraien jardunarekin jarraitu dute gaur arte.

Goizean zuten bilera udal ordezkariek zein Getabat ostalarien eta Babexa merkatarien elkarteetakoek. Han adostu dute “ostalaritza eta merkataritza jardueretan aritzen diren establezimenduen eta herriko elkarte gastronomikoen itxiera gomendatzea, oinarrizko beharrak asetzen dituzten establezimenduak izan ezik”.

Horrez gain, Udaleko Bozeramaleen Batzordeak honakoa erabaki du: “terrazak ezartzeko baimena etetea”; herritarrei gomendatzea Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren aholkuak jarraitzeko (jende pilaketa ekiditea, eskuak maiz garbitzea, distantziak mantentzea…); adindun eta arrisku handiko giza-taldeei, beharrezkoa ez bada, etxetik ez ateratzeko eskatzea; turismo bulegoa, komun publikoak eta haur parkeak ixtea; eta udaletxeko harrera zerbitzura ahalik eta gutxien bertaratzeko eskatzea (izapideak eta kontsultak telefonoz edo telematikoki egitea aholkatzen da).

Egoeraren aldaketa orduka

Larunbat eguerdiz ohikoa izaten da Getariako Kale Nagusia jendez gainezka ikustea, are gehiago, gaur bezalako eguzki egun batean. Ostalari eta dendarien elkarteek udal ordezkariekin izandako bileraren ondoren, bestelakoak izan dira kontuak. Izan ere, tabernari bakoitzaren esku geratu da ateak ixtea, eta askok berehala hartu dute neurri hori; “herritarrak zaintzeko” Itxaspekoek adierazi digutenez. Giroan ere gauza bera egin dute: “Prebentziorako esandako metro eta erdiko distantzia ezin da mantendu, beraz, ezin dugu irekita eduki. Osasuna da, ez dirua”.

Lokal bat baino gehiagotan, ateak itxita eta langileak barruan zirela, ikusi dute Iñigo Urkulluren eguerdiko agerraldia. Egoera prebentibo honetan, zein baldintzatan geratzen diren jakin nahi zuten, besteak beste, langileek. “Ekonomikoki asko” eragingo duenez, langabezia, enplegu-erregulazioa, oporrak… hainbat dira mahaigaineratu diren aukerak. Negozioetako arduradunek gauza bat dute argi: “Aholkulariekin hitz egin behar dugu, baina haiek ere galduta dabiltza”.

Urkulluk adinekoentzako eguneko zentro, museo, erakusketa areto, ostalaritza (etxeko zerbitzua izan ezik), kirol instalazio, joko lokal, txoko, elkarte gastronomiko eta gurtza zentroetako jarduerak bertan behera uzteko agindu du 13:30 aldean. Neurriok bihartik aurrera hartu beharko dira, nahiz eta gaurtik egitea aholkatu duen.

Mezuaren zain, herriko taberna eta jatetxe batzuk zabalik zeuden oraindik. Mayflowerren, esaterako, gaurko zituzten hiru bazkariak emandakoan ixteko asmoa zuten, baita Iribarren ere; Txokoko langileak lokaletik kanpo ikus zitezkeen; Kaipen ez zegoen zerbitzurik eta Kaian lehendakariaren aginduaren zain zeuden, hortaz, gaurko bazkariak emanda amaituko dute lana. Elkano kalean, berriz, Mahasti zabalik bazegoen ere, “berezoek alde egin orduko” ixteko asmoa zuten.

Beharrez irekita

Gaur goizean (lehendakariaren agerraldiaren aurretik) negozioa itxita mantendu nahi zuen merkataririk bazen, baina “autonomoen balditza ekonomikoek behartuta”, ireki egin dute. Getariano izan da horietako bat: “Ez dut hemen egon nahi baina langileak ordaindu behar dira, alokairuak… Berehala ixteko agindua ez datorren bitartean, zabaldu egingo dugu”. Horrez gain, alferrik galtzeko arriskua duten produktuei eman diezaioketen aterabidea dute kezka iturri.

Derrigortasunaren zain ziren eguerdian Gluglu bitxi dendan ere: “Bermeak behar ditugu. Aholkuak ematea normala da baina bermeak ere eman ditzatela”. Zabalduta ere, prebentzio neurriekin ari dira: dendara, gehienez, bi pertsona sartzen dira, irteeran eskuak garbitzen dituztela ziurtatu ahal izateko, besteak beste. Dena den, egunotan sare sozialen bitartez zabaltzen ari diren supermerkatuetako irudiak hizpide, faltan botatzen dute beste erosketa eremu batzuetan neurri berdinak hartzea.

Jakien dendek bestelako kondizioa dute, muturreko egoeran ere zabalik mantenduko direlako. Merken antzeman dute koronabirusak gizartean eragin duen kezka: “Jendea asko erosten ari da”. Pareko harategian ere atzo nabaritu zituzten herritarrak kezkatuago, baina “astelehenean ere zabalik egongo dela jakinda, lasaiago daude”.

Hoteletako erreserbak behera

Bisitari ugari erakartzen ditu Getariak, eta hain justu, neguko oporren ondoren, otsailaren amaieran ireki zituzten zenbait hotel eta ostatu. Hortaz, egun gutxiren buruan heldu da krisi hau.

Katrapunak, adibidez, itxi egin du gaur eguerdian, erreserbak bertan behera geratu direlako. Antzeko dabiltza Saiaz hotelean ere: “Bezero batzuek ez zuten bertan behera utzi nahi erreserba eta bihar arte edukiko dugu zabalik, hiru logela ditugulako hartuta”. Datozen egunetarakoak ezeztatu egin dituzte, batzuk bezeroek, azkenekoren bat beraiek.

Aste Santua kezka iturri bihurtu da, galdutzat ematen baitu hainbatek: “Honek luze joko du eta maiatzeko zubia salbatzen badugu, ondo”.

Kaleetan jendea ikusten dela iradokita, negozioren batean azaldu digute batzuengan ez dela beldurrik antzematen, baita zenbaitek txantxak egiten dituela ere, erantzukizun gutxiko ekintzatzat har daitezkeenak eginez, talde handian batzea gosaltzeko edo eztula babesik gabe egitea, adibidez. Hala ere, orduek aurrera egin eta merkataritza guneak itxi ahala, kalean zebilen jendea ere gutxitzen joan da.

Boluntario taldea

Atzo iragarri genizuen moduan, herriko boluntario talde bat prest agertu da egoera honek iraun bitartean zailtasunak dituzten haiei laguntzeko. Orduotan, udal ordezkariekin batu eta zabaldu egin dituzte egoera lagungarriak. Horrela, erosketak egiteko laguntza behar duten adindunei, seme-alabak zaintzeko laguntza behar dutenei eta besteei laguntzeko prest dauden boluntarioei 688 640 682 telefono zenbakira deitzeko eskatu diete.

Etxetik ateratzeko mugak

Espainiako Gobernuak herritarren zirkulazioa mugatuko du bihartik, martxoak 15, aurrera. Gaurko ez ohiko Ministroen Batzarrean erabaki dutenez, herritarrak zortzi egoeratan bakarrik ibili ahal izango dira “erabilera publikoko bideeetatik”: janaria, sendagaiak eta oinarrizko zerbait erosteko; osasun zentroetara joateko; lanera joateko eta lana egin ahal izateko; etxera itzultzeko; adinekoak, adin-txikikoak edo menpekotasuna dutenak zaintzeko; finantza erakundeetara joateko; ezinbesteko egoeratarako eta justifikatutako bestelako ekintza batzuetarako.