Atzo jakinarazi ondoren, gaurtik aldi baterako lan erregulazioa aplikatu diete Indauxeko zenbait langileri. “Denak ez gaude erregulazio espedientean, ez dakit langileriaren zein ehuneko dagoen”, azaldu digu oraindik fabrikan jarraitzen duen langile batek. ARTZAPEn enpresari galdetu diogu baina oraindik ez du datu hori lortu.

“Indauxek asko fabrikatzen du esportatzeko, Frantziara, Ingalaterrara, munduko leku denetara. Fabrika haiek ixten ari diren bezala, eskariak gelditu egiten dira. Ingurune guztia gelditu denez, poliki-poliki eskariak ere… Eskari konkretu batzuk egiteko haien lerroetako jendea mantentzen dute baina besteei erregulazio espedientea edo halakoren bat”, adierazi digu langileak.

Neurria heldu aurretik, antzeman dituzte koronabirusaren eraginak tailerrean: “Jende gutxiago, eskari gutxiago, normaltasunik ez dago. Ikusiko dugu, azkenean, poliki-poliki, orain baino jende gehiagori edo denoi ezarriko zaigun aldi baterako lan erregulazioa”.

Bulegoetako langileak, azken egunotan telelanean dabiltzala baieztatu digu.