Koronabirusaren krisiak aurrera darrai, eta egoera honetan, birusaren hedapena saihesteak edota geldiarazteak berebiziko garrantzia du. Horren aurrean, Getariako Udalak hainbat neurri hartu ditu. Hasteko, herriko kaleak eta igogailua, lixiba erabiliz, desinfektatu egingo dituzte; kaleak astean hiru aldiz, igogailua, berriz, egunean bitan. Zeregin horiek egiteaz Udaleko brigada arduratuko da. Brigadak behar beharrezkoak ez diren lan guztiak eten ditu, eta soilik, kaleak desinfektatu eta gutxieneko garbiketa zerbitzuak eskainiko ditu.

Bestalde, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailetik, bakarrik edota bikotean bizi diren helduentzat, zaintza telefonikoa abiarazi dute. Aldizka, euren egoera ezagutu, informatu eta premiazko beharrik ba ote duten jakiteko, telefonoz deituko zaie.

Udal langileen gehiengoak etxetik lan egingo du

Udaleko Harrera Bulegoa itxita egon arren, herritarrei telefonoz hartatzeko eta egunerokotasuneko lanak egiteko, bi teknikari eta alkatea bertan izango dira. Gainerako bulegari eta teknikariek telelana egingo dute. Herriko bi udaltzainek, berriz, lanean jarraituko dute.

Ezohiko egoera honetan, udal-langileen jarrera txalotu dute Udaletik, eta modu berezian eskertu nahi izan ditu: “osasun krisi egoeraren aurrean erakutsi duten jarrera eta prestutasunagatik, eskerrik asko udaltzainei, brigadako langileei eta teknikariei eta bulegariei”.

Maskarak eta gelak

Egun, maskarak eta eskuak desinfektatzeko gelak eskuratzea ez da lan erraza, eta horien eskasia orokorra da. Udalak, aste honetan lortu du eskuak garbitzeko gela, eta orain, bolondresen eta dendarien artean banatuko du. Maskarak oraindik ez dira iritsi, baina hainbat herritarrek, euren kabuz eskuratutakoak Udalari helarazi dizkie. Horiek ere bolondresen artean banatuko dituzte.