Eusko Jaurlaritzak atzo emandako datuen arabera, Getarian, Covid-19aren aurrean bi herritarrek eman dute positibo. Datuak onak dira, izan ere, azken egunetan, ez da gorakadarik izan. Eskualdeko herrietan, berriz, kutsatu kopuruak gora egin du: Zarautzen 30 dira, Zumaian hiru, Azpeitian eta Azkoitian bina eta Aian bat.

Gipuzkoako datuek, ere, goranzko joera garbia adierazi dute. Azken datuen arabera, Gipuzkoan, guztira, 563 pertsona daude kutsatuta, eta herenegun, soilik, 114 kasu berri atzeman zituzten. Orain artean, EAEn 3271 kasu positibo daude. Hildakoak 155 izan dira eta berreskuratutakoak 59. Pertsona ospitaliatuak, berriz, 1150 eta alta jaso dutenak 407.

Egoera honen aurrean, osasun erakundeetatik herritarron jokaera arduratsuaren garrantzia azpimarratu dute. Hala nola, eskuak eta gainazalak arreta handiz eta sarri garbitzea eta beste pertsonekin gutxieneko metro eta erdiko distantzia mantentzea.