Isabel Celaa Espainiako Hezkuntza ministroa autonomia erkidegoetako ordezkariekin bildu zen atzo, tartean Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuarekin. Horren ondoren jakinarazi zuten Euskal Herriko Unibertsitateak uztailaren 6tik 8ra egingo duela selektibitatearen ohiko deialdia. Ezohiko deialdia, berriz, uztailaren 20tik 22ra izango da. Lehenengoaren emaitzak uztailaren 15ean ezagutuko dituzte ikasleek eta bigarrengoarena, aldiz, uztailaren 29an.

Eusko Jaurlaritzak egutegi hori ezarri du, aurreikusita, kasurik txarrenean, ekainaren hasierarako berriz ere eskolak eman ahal izango direla.

Euskal gobernutik azaldu zutenez, azterketa eredua salbuespen egoerara egokituko dute: “Jaurlaritza arduratuko da egungo probak egokitzeaz, ebaluazio irizpideak berrikusteaz eta proba malgutzeaz”. Lan hori EHUrekin koordinatuta egingo dutela aurreratu zuten.

Ebaluazio diagnostiko probak bertan behera

Era berean, derrigorrezko hezkuntzako zenbait mailetan egiten dituzten ebaluazio diagnostikoko probak bertan behera utzi dituztela azaldu zuten. Hortaz, ez da halakorik egingo Lehen Hezkuntzako hirugarren eta sesgaren mailetan, zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan.

 

Argazkia: Joxemai/Wikipedia.