Gipuzkoako Foru Aldundiako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, koronabirusa dela eta, Lurraldebusen zerbitzuak, bataz beste, %54 murriztu ditu. Osasun Larrialdiko Adierazpenaren eta Garraio Ministerioak emandako agindu berriaren ondoren, atzotik hasita, Euskadiko Garraio Agintaritzan adostutako neurri berriak aplikatu dituzte.

Aldundiak jakitera eman duenez, “lanerako mugikortasuna eta oinarrizko zerbitzuetara iritsi ahal izatea bermatuko da”. Murrizketak, ordea, ez dio eragingo ospitaleetako zerbitzu eskaintzari; horrek %100 izaten jarraituko du. Orain artean bezala, gaueko zerbitzurik ez da izango, eta larunbatetan eta jaiegunetan astegunetako eskaintza bera egongo da. Martxoaren 16az geroztik, UK9, UK10 eta UK11 lineak erdira murriztuta zeuden eta beraz, neurri horrek ez die gehiegi eragin.

 

Lurraldebusen ordutegi berria

 

Bidaiariak babesteko zenbait neurri

Lurraldebusek heren batera mugatu du autobusen edukiera, eta lekuak, bai eserita bai zutik joateko, seinalizatuta daude. Autobus bakoitza, gutxienez, egunean behin garbitzen eta desinfektatzen dute. Horrez gain, Donostiako geltokian garbiketa indartu egin dute. Bidaia bertan amaitzen duten autobusetan, pertsonek uki ditzaketen elementu nagusiak garbitzen dituzte.

Autobus gidaria babesteko helburuarekin, atzeko ateak erabili behar dira; ezin da aurreko atetik sartu. Gainera, ez da onartzen eskudirutan ordaintzea, eta beraz, mugi edota Lurraldebus txartelekin egin behar da ordainketa.