Otsailaren 3an hasi zen Egunean Behin jokoko hirugarren denboraldia. Ia bi hilabeteko lehiaren ondoren igande honetan zen bukatzekoa, baina jokoaren sortzaileek adierazi dutenez, “koronabirusa, berrogeialdia, urruntze soziala…” direla eta, lehiaketa beste astebetez luzatzea erabaki dute. Datorren astelehenean, martxoaren 30ean, beraz, berrogeialdiko aste gehigarri eta bereziari hasiera emango zaio: Egunean Behin ber bi.

Egunean bi partida jokatzeko aukera

Aste berezi honetan, eguneroko partidek bere horretan jarraituko dute: partehartzaileek egunean behin, hamar galdera erantzun beharko dituzte. Baina horrez gain, egunero partida gehigarri bat jokatzeko aukera izango da. Patida gehigarri hori, datorren asteartetik aurrera, 19:00etan, zuzenean, jokatuko da.

Zuzenekoa Egunean Behinen YouTubeko kanalean ikusi ahal izango da, eta egunero 150 jokalarik parte hartuko dute: bezperako 50 onenek eta zozketa bidez egokitutako 100 pertsonek (bezperan jokatu dutenen artean zozketatuko dira 100 plaza horiek). Beraz, datorren asteko txapelketa astebetekoa izan beharrean, egunerokoa izango da; hau da, sailkapena egunero berrituko da.

Zuzenekoa aurkezle batek gidatu eta dinamizatuko du, errealizazioaz, berriz, Hiru Damatxo arduratuko da. 20 minutu inguruko saioa izango da. Bertara sailkatu direnei jakinarazpena bidaliko zaie, eta modalitate berri honetan ahalik eta jende gehienak parte hartu dezan, erabiltzaile batek ezingo du behin baino gehiagotan zuzenekora sailkatu.

Getariarron taldea 

ARTZAPEk sortutako Egunean Behineko Getaiarrak taldean, berriz, igande honetan, martxoaren 29an, amaituko dugu hirugarren denboraldia. Beraz, astelehenerako, herriaren goraipamena ez ezik, saria jasoko duen irabazlea nor den jakingo dugu. Oraingoz, Van gorstigak lortu du azken denboraldi honetako puntuazio altuena: 561,53. Erronka zaila jarri digu guztioi, eta aste honetan, berak hain altu jarritako langa gainditzeko azken aukera izango dugu.