Osakidetzak gaur argitaratutako datuen arabera, Getarian ez da kasu berririk atera. Bi dira oraingoz atzemandakoak, hala ere, identifikatu gabeko kasu gehiago egon litezke. ARTZAPEk jakin duenez, zoritxarrez, gaixorik zegoenetako bat hil egin da. Hala, koronabirusak eragindako lehen heriotza izan da Getarian.

Eskualdeko herrietan kutsatu kopuruak gora egin du. Urola kostan, jada, 45 dira: Zarautzen 34, Zumaian zazpi, Orion eta Aian kasu bana eta Getarian bi. Halabeharrez, EAEn ere joera berdina da. Orain arte, proba egin duten 10.142 pertsonetatik 3.946k eman dute positibo. Herenegun bakarrik, 672 kasu berri atzeman zituzten.

Covid-19a duten herritar gehien Bizkaian daude (1.850), ondoren Araban (1.435) eta azkenik, Gipuzkoan (661). Nafarroan ere kasuak gorantza doaz, eta gaur gaurkoz, 1.411 dira. EAEn 180 pertsona hil dira eta 89k berreskuratzea lortu dute. Ospitaleko altak, berriz, 532 izan dira.