https://www.facebook.com/Getariako.Udala/videos/291171511865888/

Sare sozialetan bideoa zabaldu du Getariako Udalak gaur goizean, eta Haritz Alberdi alkateak, koronabirusa dela eta, getariarrak ere bizitzen ari garen egoeraz hausnarketa egin du.

Azaldu du Udala duela bi aste hasi zela erabakiak hartzen, eta beste hainbeste denbora daramatela herritarrek etxean. “Momentu gogor eta latzak” bizitzea egokitu zaigula aitortu eta etorkizunean ere izango direla aurreratu du. Horren aurrean, bizitzaren aldeko apustua egiten dutela baieztatu du. “Aurrena bizitza dago, gero bizitza eta ondoren ere, bizitza, bizitza eta bizitza”.

Udalak egindako hautua hori dela eta getariarrek ere horren aldeko apustua egin beharko genukeela esan du. Hala, hobetzeko gauzak egon badaudela, baina, orokorrean, herritarren jarrera ona dela adierazi du. Egunotan egon diren elkartasun keinuak nabarmendu ditu: “Elkar laguntzen ari gara han eta hemen, irudimena erabiltzen ari gara etxeetako ordu luze horiek eramangarriago egiteko, dendari, pentsiodun edo umeen jarrera ikaragarria ari da izaten. Getariako kaleetan eta etxeetan ikusten den zerbait maitasuna da”.