Eguerdian eman ditu Osakidetzak atzoko 20:00ak arte atzemandako koronabirus kasuen datuak. Getarian ez da gaixo berririk azaldu, ez behintzat proba egitea eragiten duen sintomarik duenik. Horrek esan nahi du, azken egunotan behin eta berriro jakinarazten ari diren bezala, kopuru erreala ematen ari direna baino altuagoa izan daitekeela leku guztietan. Ofizialki, Getarian, hiru pertsona kutsatu dira orain arte.

Eskualdean, berriz, gora doa kutsatuen kopurua. 24 orduko tartean 13 kasu berri atzeman dituzte, guztira, 91 dira. Zarautzen dago kopururik altuena, 54 kutsatu daude. Zumaian ere positiboak areagotzen ari dira azken egunetan eta 20 kasutara heldu dira. Orion bost kasu daude, Azkoitian lau, Azpeitian hiru eta Aian bi.

EAEn 317 kasu berri atzeman dituzte, nabarmen jaitsi da kopurua aurreko egunetik. Azken datuen arabera, orain arte 6.057 pertsona kutsatu dira. Hildakoak, berriz, 297 dira.