Bihar, apirilak 2, osteguna, Autismoaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Hori dela eta, mundu mailan, ahalik eta eraikin publiko zein pribatu gehien urdinez argiztatzeko ekimena jarri dute martxan (Light It Up Blue). Ekimen horri jarraituz, aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa helburu duen Marea Urdina Elkarteak Etxetik Urdin Mundua egitasmoa sortu du. Egitasmo horren bitartez, herritarrei, leihoak eta balkoiak urdin kolorez apaintzeko deia egin die.

Getariako Udalak bat egin du Light It Up Blue eta Etxetik Urdin Mundua ekimenekin, eta biharko egunez, udaletxea kolore urdinez argiztatuta egongo da. Horrez gain, 17:00etan, herriko kaleak musikarekin alaituko ditu. Era berean, Getariarrak egitasmoarekin bat egitera gonbidatu ditu. Hala, norbere irudimenaren eta baliabideen arabera, leihoak eta balkoiak urdinez apaintzera eta kaleetan zehar entzungo den musikarekin, betiere etxetik, dantza egitera gonbidatu ditu.