Bizi dugun egoeran nekeza da zertaz idatzi asmatzea, zer den alarmista, zer arinkeria, zer gaurkotasun eta zer iraungia ia orduro nobedadeak daudenean, zer den garrantzitsu eta zer hutsal… Ezinbestean, koronabirusaz aritu gara ARTZAPEren apirileko alean (aurreratzen dizuegu ereeportajean agertzen diren zenbait informazioren inguruko berrikuntzak egon direla azken egunotan), baina baita irriparra sortu edo haizea sentiaraziko diguten kontuez ere, Iturzaeta Herri Eskolako haurrek azken hilabeteotan prestatutako pastoralaz edo Alain Inzak motoekiko duen zaletasunaz, adibidez. Tomas Otamendik bisiguen arrantzaz egindako erreportajeari amaiera eman dio, gainera 202. zenbakian.

Hutsik ez digute egin oraingoan ere kolaboratzaileek, eta horregatik, gure esker ona (baita hilabete honetan idaztea egokitu ez zaizuenei ere). Zer ote dute kontatzeko Zigor Saizar eta Jon Ander de la Hozek? Eta Saioa Martinez de Lahidalgak? Elan Euskadikoek zein Andres Alberdik? Iturzaetako ikasleek? Zertan ibili dira azkenaldian Urritzakoak? Zer ikusi ote dute oraingoan Edurne Irigoienen Plist eta Plast katuek? Zein gomendio ote du Joxi Erauskinek guretzat? Eta, zertan dabil Maria Lazkano Hong Kongen?

Banaketa etxe guztietara

Egoera bereziek neurri bereziak eskatzen dituztenez, hala gabiltza lanean ARTZAPEn ere azken egunotan. Aldizkaria inpretatik jaso genuen atzo eta bihar, osteguna, herriko etxe guztietara banatuko dugu. Hortaz, etxekotze egoera hau pixka bat arintzen lagungarri izan daitekeelakoan, bazkide zaretenok zein ez zaretenok jasoko duzue apirileko alea. Hala, urte osoan egindako lanaren zatitxo bat izango duzue denok esku artean.

Banaketa eskularruekin egingo dugu eta tinbreak jotzea saihesteko, eskertuko genizueke bihar, apirilak 2, portaletako ateak zabalik uztea. Hala topatzen baditugu, buzoian botako ditugu aldizkariak, bestela ate ondoan edo publizitatearen buzoian utziko ditugu. Etxebizitza bakoitzarentzat ale bat egongo da, beraz, ziurtatu aurretik etxeko inork ez duela hartu.

Sare sozialen bitartez jakinaraziko dizuegu non banatu dugun, zuek jakinaren gainean egoteko. Auzoetatik hasiko gara eta herrigunean honako ordena jarraituko dugu (10:00etan hasita): Akerregi, Lormendi, Balenciaga, Magallanes, Potzuaga, Herrerieta, Erruera, Sahatsaga, San Roke, portua, Arnao Jenerala, Elkano, Kale Nagusia eta Aldamar.