COVID-19ak eragindako osasun krisiaren aurrean, herritarrei laguntza desberdina eskaintzeko talde ugari sortu dira. Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialak ere biztanleriari telefono bidezko arreta psikologikoa eskaintzeko, bolondres taldea osatu du. Deiak, 10:00etatik 14:00etara, elkargotik kudeatuko dira. Ondoren, goizeko zein arratsaldeko ordutegian, dei horiek profesional bati esleituko zaizkio. Hala, laguntza psikologikorako arreta telefonoa 692 566 160 da.

Elkartetik adierazi dutenez, “bizitzen ari garen berrogeialdi-egoera honek eragina izan dezake pertsona askoren gogo-aldartean, bai isolamenduarengatik bai egunero koronabirusaren inguruan jasotzen dugun informazio mailagatik”. Horregatik, elkargoko kide diren eta behar bezala gaituak dauden psikologo talde honek, kode etiko eta deontologiko batean oinarrituta, kalitatezko arreta bermatzen du.

Berme profesionala

Bestalde, egoera zail honetan herritarren eskutik sortutako hainbat laguntza ekimen eskertu dituzte, baina uste dute “arreta psikologikoa soilik berme profesionalarekin eskaini behar dela; horregatik erabaki du elkargoak bere bolondresen talde propioa eratzea”.