Covid-19 birusa dela eta J.S. Elkano Musika Eskolan eta Gure Txeru dantza taldean hainbat neurri hartu behar izan ditugu egoera berrira egokitzeko. Egunerokotasuna normaltasunez jarraitzeko hautua egin dugun honetan, etxetik etxera klaseak ematea erronka izan da bai irakasle eta bai ikasle eta gurasoentzat; dena den, erakutsi duzuen interesak errazago egin digu lan guzti hau.

Aldapa malkartsua da etxetik klaseak ematearena, baina ederra da pantaila bat tartean izanda ere harremanak gertukoak sentitzea. Hamaika dira ikasle eta gurasoengandik jaso ditugun mezuak, eta animo eta esker oneko mezu horiek izan dira lanerako kemena ematen digutenak. Zuen babesa izanda, gu ere gogotsu gaude lanean tinko jarraitzeko.

Bestalde, benetan sinesten dugu itxialdiko egun hauetan musika eta dantzak berebiziko garrantzia duela: erritmoarekin esperimentatzeko, jolasteko eta geure burua ezagutzeko primerako aukera dugu aurrean, beraz, ezagutu, ikasi eta gozatu!

Egun hauetan etxeak eta balkoiak musikaz eta dantzaz jantzi dituzuen getariarroi, berriz, bejondeizuela! Guztia amaitzean jarriko dugu kalea martxan!

Laburbilduz, Gure Txeru dantza taldeko eta J.S. Elkano Musika eskolako langile eta batzordeen izenean eskerrak eman nahi dizkizuegu erabiltzaile guztioi egun hauetan erakutsi duzuen borondate ona eta jarrera egokiagatik. Udalari ere esker mila, ematen hari zaigun babesagatik.

ESKERRIK ASKO GUZTIOI!