Covid-19ak etxera itzultzera behartu zuen Irati Idiakez. Snoweko denboraldia amaitzeko oraindik hilabete inguru geratzen zitzaion, baina osasun krisiaren aurrean hartutako neurriak direla eta, denboraldiarekin aurrera jarraitzea ezinezkoa izan da. Egungo egoerak hankaz gora jarri du guztia, baita 2020ko Tokioko Joku Olinpikoak eta Paraolinpikoak ere. Bata zein bestea urtebete atzeratu dituzte. Idiakezek 2022ko Joku Paraolinpikoak ditu jomuga, eta beraz, lanean jarraitu behar du. Gaur gaurkoz, ez dakite 2022ko Jokuekin zer gertatuko den, baina Idiakezen prestakuntzak ez du etenik.

Nola amaitu duzu denboraldia?

Kontuan izanda osorik egin behar nuen lehenengo denboraldia zela, pena handiarekin. Oraintxe, onenean nengoen. Norvegian izan nintzen, eta bertan, Munduko Kopan jokatzea lortu nuen. Puntuak lortu nituen, eta bat-batean, dena gelditu eta etxera bueltatu behar izan naiz. Pena handia izan da, baina bueno, bestela, bukaerarekin gustura.

Beraz, Munduko Kopan sailkatzea lortu duzu?

Bai. Wild Cardaren bitartez lortu nuen Munduko Kopan parte hartzea. Kopako antolatzaileek entrenatzen ikusten zaituztete eta ondo ibiltzen zarela ikusten badute, lehiatzeko aukera ematen dute; horrela, Wild Carda lortzen duzu. Orduan, Norvegian, horren bitartez Munduko Kopako lasterketan parte hartzea lortu nuen, eta gustura, ze bosgarren geratu nintzen eta puntuak lortu nituen. Gainera, azken lasterketa zenez, puntuek bikoitza balio zuten.

“Pena handia izan da, baina bueno, bestela, bukaerarekin gustura”

Badakigu munduan zehar zabiltzala txapelketak egiten

Bai hala da. Aurrena Holandan egon ginen, ondoren Finlandian, eta gero hemen inguruan ere ibili gara; Sierra Nevadan, Formigalen eta Baqueira-Bereten. Azkenik, Norvegian izan gara.

Denboraldia bukatzeko asko geratzen zitzaizun?

Norvegiatik itzuli eta larunbat hartan, Baqueira-Bereten, klub batek antolatuta txapelketa batean parte hartu behar genuen. Gero Sierra Nevadara gindoazen, eta azkenik, beste Espainiako Kopa bat Baqueira-Bereten geneukan. Horrekin uste dut, amaitu egiten genuela. Gero, astebetez, denboraldiari amaiera emateko, entrenamendu intentsiboa egin behar genuen, txapelketarik gabe. Onena geratzen zitzaigun.

Aurtengo denboraldia, beraz, amaitutzat eman duzue?

Bai. Gure asmoa ekainean astebete eta irailean edo abuztuan beste astebete, glaziarren batera joatea zen. Ideia horrek jarraitzen du, baina ea egoera honek noiz arte irauten duen eta joateko aukerarik izaten dugun. Baina denboraldia jada bukatu dugu. Aste horiek denboraldi-aurreko entrenamenduak izango lirateke.

Eta jokatu gabe geratutako lasterketak berreskuratuko dituzue?

Espainiako Txapelketako eta Kopako puntuak gehitzen joaten gara, eta oraindik, bi lasterketa falta zitzaizkigun. Orduan, esan dute, horiek, agian, abenduan egingo ditugula. Hala ere, oraindik ziur ez dakigu ezer.

Zu 2022ko Joku Paraolinpikoetarako ari zara prestatzen. Aurtengoan atzeratu egin dituzte, 2022koekin zer gertatuo den badakizu?

Ez dut uste atzeratuko direnik, baina auskalo. 

“Etxetik entrenamenduak egiten jarraitzen dugu. Ezin dut Snowa egin, baina fisikoa bai”

Itxialdi honek nola eragin dizu?

Aurrenengo egunak oso gogorrak izan ziren. Egun osoan naturan egotetik, etxean eta atera ezinik egotera igaro nintzen. Psikologiko zaila izan zen, baina gero konturatu nitzen hau zegoela, eta buelta eman nion. Etxetik entrenamenduak egiten jarraitzen dugu. Ezin dut Snowa egin, baina fisikoa bai.

Etxean entrenatzea zailagoa da?

Bai, aurreneko egunetan bai. Baina, orain, errutina bat hartu dut eta gustura entrenatzen dut. Hasieran zailagoa zen, baina, jada, ohitu naiz.

Eta entrenatzeko tresnak badituzu?

Gauzak egokitu egin behar izan ditut. Ariketa batzuk egiteko eserlekua erabiltzen dut; pisua behar badut, poltsa bat gauzez bete eta huraxe erabiltzen dut; gero, etxean roller bat ere badut. Irudimena erabiliz, pixkanaka gauzak egokitzen ari naiz -barre artean-.

Datorren denboraldia noiz hasiko duzue?

Lehengo urtean bezala, urrian, txapelketa batean parte hartzera Suitzara joango gara; baina denboraldia azaroan, Holandan, hasiko dugu.

Luze egingo zaizu itxaronaldia?

Bai. Nik orain ez nuen etxera itzuli nahi. Jada, mentalizatuta nengoen apirilaren 12a arte han egongo nintzela. Azkenean, moztu egin didate, hilabete inguru, eta arantza horrekin itzuli naiz. Baina bueno, udaran surfa egin nahi dut, eta nik uste horrela itxaronaldia ez zaidala hain luzea egingo.

Orduan udaran ere entrenatzen jarraituko duzu?

Bai. Konfinamendua bukatzean hiru-lau asteko oporrak izango ditugu. Baina gero entrenamendu fisikoekin jarraitu egingo dugu. Gainera, esan zidaten ahalik eta gehien “irristatu, irristatu eta irristatu” egin behar nuela: patinekin, patinetearekin, bizikletarekin, surfa eginez…

Argazkia: Irati Idiakez