Gipuzkoako Foru Aldundiaren museo sarea bere plataforma digitaletako edukiak sendotzen ari da, aukera berriak eskaintzeko haien erabiltzaileei; bereziki, gazteenei. Hala, Aldundiaren hiru museok, Zumalakarregi Museoak, Igartubeiti Baserri Museoak eta Euskal Itsas Museoak, etxeko txikienei zuzendutako eskaintza batekin, Familiak sarean izeneko programa aurkeztu dute.

Programa horren helburua da, museoetako gaiak modu desberdin batean ezagutaraztea. Kulturako diputatu Harkaitz Millánen arabera, “txikienek familian parte hartu dezaten, eta gure museoak modu atsegin eta dibertigarri batean ezagutu ditzaten, jarduera berri hauek alternatiba bat eskaini nahi dute”.

Familiak sarean ekimena sei eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek familian sorkuntza-proiektu bat egingo dute. Edukiak Google Classroom-en egongo dira, eta astero material berria jarriko da plataforman eskuragarri. Bakoitzak bere erritmora erabili ahal izango ditu eduki horiek. Hala ere, jarduera horiek egiteko ez da teknologiarik behar, helburua etxeko txikienek pantailarik gabe gozatzea eta jolastea baita.

Museoetako lantaldeek dinamizatuko dituzte jarduerak, eta izen ematea posta elektroniko bidez egin behar da. Ekimenean parte hartzeko, bestalde, nahikoa da Googleren Gmail posta-kontu bat edukitzea. Ondoren, museoen webguneetan jarriko diren erakusketa birtualetan, egindako lan guztiak ikusgai egongo dira.

Museo bakoitzaren proposamena

Igartubeiti Baserri Museoak, urtero argitaratzen dituen Areago kontakizunak oinarri harturik, haurrek beren ipuinak sortuko dituzte. Horretarako, marrazkiak, collageak eta bestelakoak erabiliko dituzte. Izen-ematea ondorengo posta elektroniko bitartez egin behar da: metxeberria@k6gestioncultural.com.

Zumalakarregi Museoak, bestalde, altxorrik preziatuenentzat kaxatxoa egitea proposatu du. Bertan, balio bereziko momentuak, abestiak, argazkiak edota abenturak jaso ahal izateko. Izena emateko idatzi earruti@k6gestioncultural.com posta helbidera.

Euskal Itsas Museoarekin, berriz, kartoiak, plastikozko botilak, zapata-lokarriak… erabiliz, Manuel Agote getariarraren itsas egunerokoa errepikatzen saiatuko dira. Baita bertan agertzen diren hainbat esperimentu egiten ere. Bertan izena eman nahi izanez gero, jarri harremanetan hezkuntza@itsasmuseoa.eus posta elektroniko bitartez.

Topic Nazioarteko txontxongilo museoa

Tolosako museoak ere, konfinamendua arintze aldera, online jarduerak jarri ditu martxan. Egunero, txotxongilo tailer bat igotzen dute euren webgunera. Tailer errazak dira, eta, bertan, txotxongiloak modu erraz eta dibertigarrian sortzeko jarraibideak ematen dituzte.