Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak adierazpen bateratu baten bidez azaldu dute ikasturtea amaitzeko “urrutiko prestakuntza” erabiliko dutela. Erabakia, pasa den ostegunean, Espainiako Unibertsitate ministro Manuel Castellsek egindako gomendioaren ondoren etorri da. Hala ere, “unean uneko jarduera presentziala” ez dute baztertu.

Hezkuntza Saila, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateak eta Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia bildu ostean hartu dute erabakia. Lehentasunetako bat “unibertsitate komunitatearen osasuna eta segurtasuna” bermatzea dela azpimarratu dute. Hala ere, modu ez presentzialean egitea “ezinezkoa” den kasu jakin batzuetan, jarduera presentzial batzuk berrezartzeko aukera aipatu dute.

Praktiken, gradu eta master amaierako lanen eta doktore tesien aurkezpenen kasuan izan ezik, aurrez ezarritako egutegi akademikoa mantendu egingo da. Izan ere, oraindik ez dago garbi zer gertatuko den aurrez aurreko jarduera esperimentalekin eta kanpoko praktikekin. Bide horretan, azaldu dute, “kalitatea bermatzeko” asmoz, neurriak hartzen jarraituko dutela titulazioen egokitzapenaren, irakasgaien, praktiken eta horien ebaluazioaren inguruan.

Argazkia: EHU