2019ko errenta aitorpenaren lehen urratsak emanak ditu Gpuzkoako Foru Aldundiak. Martxoan hasi zen informazioa zabaltzen webgunearen bitartez eta hilaren amaieran autolikidazio proposamena bidali zien 200.000 gipuzkoar baino gehiagori. Horiek pasa den astelehenetik dute proposamena onartzeko aukera.

Autolikidazio proposamenik jaso ez dutenek, ordea, Aldundiak Interneten jarri duen laguntza programa baliatuta edo aurrez-aurre egin beharko dute aitorpena. Azken aukera hori, alabaina, ez da erreala gaur-gaurkoz, eta. alarma egoera tarteko, ez dago argi noiz egin ahal izango den.

Hain zuzen ere, halako kontuen inguruko berriak eskaini eta errenta aitorpena errazago egin ahal izateko, informazio guztia laburbiltzen duen atala jarri du martxan Getariako Udalak. Bertan zehazten dira, besteak beste, datak, sistema telematikoa erabili ahal izateko sinadura elektronikoa eskatzeko bideak eta simulazioa egiteko erremintak.

Aitorpena euskaraz egiteko deia

Azken urteetan bezala, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du; Getariako Udalak bat egin du eskaera horrekin.

UEMAtik azaldu dutenez, aitorpena euskaraz egiteko jarraitu beharreko pausoak hauek dira, modalitatearen arabera:

  • Autolikidazio proposamena onartzerakoan, bai telefonoz bai internetez, euskaraz egin nahi duzula esan. Aurrerantzean, agiriak euskaraz bidaliko dizkizu Ogasunak.
  • Internetez egitean, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi eta hobetsitako hizkuntzaren atalean euskara aukeratu. Aholkularitzaz edo beste zerbitzu batzuen bitartez eginez gero, hari jakinarazi euskaraz egin nahi duzula.
  • Mekanizatua egiterakoan, hitzordua hartzean adierazi harremanak euskaraz nahi dituzula Ogasunarekin. Kasu horretan, aurrez-aurreko zein telefonozko hartu-emanak euskaraz izango dira, baita sinatzeko emandako orria ere.