Udalak gaur goizean iragarri duenez, COVID-19ak eragin duen krisia tarteko, aparkaleku sistema berriaren aplikazioa datorren urtera atzeratuko da. Hala adostu zuten, oharrak dioenez, apirilaren 7an egindako Bozeramaileen Batzordean. “Parte-hartze prozesuaren irizpideak jasotzen dituen ordenantzaren zirriborroa eta sistemaren azpiegitura esleitzeko prozesua hasteko prest izan arren, COVID-19ak eragindako egoera konplexua dela eta, Udaleko bi alderdiek ezin izan dute gaiari buruz behar bezala eztabaidatu”, argudiatu dute.

Ekainean, udako denboraldiarekin batera, jarri behar zuten martxan herriko aparkalekuak modu berrian arautzen zituen sistema. Parte-hartze prozesuan adostu zutenez, herritarrentzako egoiliar guneak, motoentzako leku gehiago, epe laburrerako doako aparkalekuak eta egonaldi luzeagoetarako TAO sistemakoak aurreikusten ziren. “Mota honetako ordenantzen ezarpenak egoera arrunt batean zer konplexutasun izan ohi dituen jakinik, eta egoeraren bilakaerak herriko hainbat sektoretan eragingo duen ziurgabetasunaz jabeturik, Udalak zuhurtziaz aritzea erabaki du”, azaldu dute udal ordezkariek. Dena den, herritarrekin adostutakoa aurrera eramateko konpromisoa agertu dute.

Era berean, datorren astean hasi asmo dituzten Herrerietako obretan motoentzako aparkaleku gehiago egingo dituztela gogoratu du.

 

Lotutako albisteak: