Hasiera batean, denboraldi berria maiatzaren lehenengo edo bigarren astean ekiteko asmoa zuten, baina Etxealdetik Euskaraldira ekimenarekin bat eginda, estreinaldia aurreratzea erabaki du CodeSyntax enpresak. Hala, bihar hasiko da hamar astez luzatuko den laugarren denboraldia.

Apirilaren 8an egin zuten aurreko denboraldiaren finala. Konfinamendua dela eta, final berezia izan zen: aurrez aurre egin beharrean, euren YouTubeko kanalaren bitartez egin baitzuten. Bi aste pasatxoko atsedenaren ondoren, bihar ekingo diote berriro lehiari.

Denboraldi honen babeslea Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetza izango da. Jokoaren funtzionamendua aurreko denboraldietako bera izango da. Sailkapen orokorra egongo da eta onenak finalera sailkatuko dira. Oraindik ez dakite finala presentziala izango den, ala hirugarren denboraldian bezala, bideo bidez egin beharko den.

Lehia herrikoia martxan

Getaiarrak taldeak ere berdin jarraituko du. Hala, denboraldiaren amaieran, asteko puntuazio altuena lortzen duenak saria jasoko du. Dagoeneko, 225 erabiltzaile daude taldean eta ondorioz, gero eta zailagoa da bertako garaile izendatzea. Beraz, eutsi goiari eta zorte on guztioi!