Arratsaldeko 18:00etan egindako agerraldian, Salvador Illa Espainiako Osasun Ministroak adierazi du bakarkako kirol jarduerak onartuko direla. Beraz, maiatzaren 2tik aurrera, helduek ere kirola kalean egiteko edota paseo bat ematera irteteko aukera izango dute. Jende pilaketak saihesteko, ordea, ordutegiak zehaztu ditu Espainiako Gobernuak, baina 5.000 biztanle baino gutxiago dituen herrietan ez da banaketarik egingo. Getariari dagokionez, beraz, 06:00etatik 23:00ak bitartean, herritarrek, egunean behin, edonoiz atera ahal izango dute kalera kirola egitera edota paseatzera.

Kirol jarduerei dagokionez, edozein kirol egitea ahalbidetu dute, egunean behin, udalerrian bertan eta bakarka. Paseoetarako, berriz, etxe berean bizi den pertsona batekin irten ahal izango da. Hau ere egunean behin egin ahal izango da, baina kirol jarduerak ez bezala, bizilekutik kilometro bateko eremuan egin beharko da.

Jende multzoak ekiditeko, Getariako eta Zarauzko Udalek erabaki dute, bi herrien arteko paseoa itxita mantentzea. Hori dela eta, kirola egiteko edota paseatzeko ezingo da Getaria-Zarautz arteko bidea erabili. Behin eta berriz azpimarratu du Illak, bi metroko segurtasun neurria errespetatzea oso garrantzitsua izango dela. Horrez gain, baita eskuak behin eta berriz garbitzea eta leku publikoen garbitasuna bermatzea.

Baratzera joateko baimena eman du
Autokontsumorako baratzetara joateko baimena ere eman du Espainiako Gobernuak. Betiere, udalerrian bertan edo ondoko herrian badago joan ahal izango da. Horretarako ere segurtasun distantzia mantentzeko eta ahalik eta gutxien joateko eskatu du.