Getariako EAJk Koronabirusak herritarrei eragindako egoera leundu eta laguntzeko proposamen sorta aurkeztu dio Udal Gobernuari. Hala nola, gizarte-babesa laguntzeko mahai politiko-tekniko baten sorrera eta ehun ekonomikoa sustatzeko mahai sektoriala herriko eragile ekonomiko guztiekin, mahai horrek hartzen dituen neurriak finantzatzeko 200.000 euroko aurrekontua erreserbatzea, eta funts hori abian jartzeko neurri zehatzak: familia eta enpresei zuzendutako diru-laguntza zuzenak eta herriko merkataritza sustatzeko bonoak.

Talde jeltzaleak “herritarrak babestu eta hori bermatuta, ekonomia sustatzeko” unea dela deritzo: “COVID-19ak biztanlerian zein sektore ekonomikoan kalte handiak eragingo dituela argi dagoen honetan, gizartearen ongizatea bermatu beharra dago. Horretarako, neurri bereziak hartzea beharrezko ikusten du EAJk eta neurri hauek exekutatzeko  udaleko kide guztiok bat egin behar dugu eta plangintza baten baitan lankidetzan eta era kooperatiboan egin aurrera”.

“Getariako EAJ harremanetan dago sektore ezberdinetako kideekin, hala nola, ostalaritza, merkataritza, txakolindegiak, gizarte zerbitzuak, lehen sektorea, Kofradia… eta behin sektore ezberdinekin jardun eta beren beharrak eta eskaerak aztertu ostean, proposamena prestatu dugu Udal Gobernuarekin batera lantzeko. Denborak aurrera darrai, eta herritarrek gure babesa eta erantzuna behar dute”.

EAJko Udal Taldeak azaldu duenez, asmoa da beste administrazioen laguntza-lerro osagarria izatea Udalarena, “komertzioari, ostalaritzari,  autonomoei eta enpresa txikiei eragindako kalte larriak arintzeko; izan ere, langile, hornitzaile eta alokairuko gastuekin jarraitu behar izan dute, diru-sarrerarik lortu gabe”.

 

200.000 euroko funtsa getariarrak babestu eta ekonomia sustatzeko

1. Diru-laguntza zuzenen lerro bereziak sortzea pandemiaren lehen eraginak leuntzeko

“Lehen neurri bezala hiru diru-laguntza lerro ezartzea beharrezko ikusten dugu, familientzat,  enpresa txikientzat eta komertzioaren sustapenerako”.

I.- Familiei zuzenduriko diru laguntzak.

“Badakigu geldialdi honek izan dituen ondorio nagusietako bat, lanaren galera izan dela. Ondorioz, familia batzuek beren diru sarrerak gutxitu eta  gabe geratzeko arriskua nabaria da, beraien biziraupena kolokan jarriz. Horregatik, udal talde honek uste du lehen beharra herritarren hauen beharrak artatzea dela. Laguntza honen helburua oinarrizko beharren mantenua ahalbidetzea da, oinarrizko behar hauetan honakoak sartzen dira:  alokairua, hipoteka, janaria, argia, ura eta abar.”.

Getariako EAJk proposamenean zehaztu duenez, hau eskatzeko aukera izango dute, alarma egoera hasi zenetik  diru sarrerak  jaitsi zaizkien familiek,  eta gehienez 20.000 euroko sarrerak izan dituztenek. Justifikatu beharrekoa izango da alarma honek eragina izan duela, datu objektiboekin.

Laguntza 500 eurokoa izatea proposatzen dute hilabete bakoitzeko. Kontuan hartuko diren hilabeteak martxoa eta apirila izango dira eta  gehienez 750€ jasoko ditu familia bakoitzak.

II.- Enpresei Zuzenduriko diru laguntzak.

“Diru laguntza hauek enpresa txikiei zuzenduak daude.  Kontuan izan behar dugu Getarian enpresa txiki asko ditugula, eta hauek itxialdiak kalte zuzenak eragin dizkietela. Horregatik, beharrezkoa da lehen neurri bezala enpresa hauei likidezia bermatzea.  Eta orain arte hartu diren neurriez gain,  diru laguntza bat gehitzea martxoa eta apirileko galerei arnas pixkat emateko”.

Laguntza honen helburua, Getariako enpresa txikiei  likidezia ematea da, honela hilabete  hauetan aurre egin izan behar izan dituzten kostuak txikitzeko eta berriz irekitzea errazteko. “Beraz, beharrezko lehen gaien erosketa,  alokairuak, hipotekak, atzeratze kostuak, stokaren mantenua, jarduera mantentzeko materialaren erosketa, eta abar ordaintzera zuzenduak izango dira.

EAJren proposamenean zehaztu denez, hau eskatzeko aukera izango dute 1.000.000€ baino gutxiago fakturatu eta plantillan 20 pertsona baino gutxiago dituztenak. Alarma egoeraren ondorioz, negozioak itxi edo fakturazioa %50 jaitsi zain enpresei zuzendua egongo da.

Laguntza 1.000€koa izango da hilabete bakoitzeko. Kontuan izan behar da martxoa eta apirilaz hitz egiten ari garela, eta gehienez 1.500€ jasoko ditu enpresa bakoitzak. Laguntza hau behin bakarrik jaso ahal izango da.

III.- Herriko komertzio txikia sustatzeko languntza bonoak eta ekitaldiak antolatzea.

EAJtik beharrezko ikusten dute herriko komertzio eta establezimenduak bultzatzea. “Krisi honetan ikusi dugu joera makro enpresetan erosketak gora egin dutela gehien bat posta bidezko zerbitzua dutelako. Herriko komertzio txikiek ordea ez dute aukera handirik horrelako zerbitzurik bultzatzeko. Beraz herriko kontsumoa sustatzeko erosketa bonoak martxan jartzea proposatzen dugu”.

Kontsumorako bono hauek  Getariako edozein komertzioetan erosteagatik emango dira. Bonoak 25€koak izango dira  eta  herritarrak Getariako komertzioetan erosten duen 10€ bakoitzeko udalak beste 15€ jarriko ditu. Hau da herritarrak 10 euro ordainduta, 25 euroko balioa eskuratuko du. Guztira 1.000 bono ezartzea proposatzen da.

Ekimena hauek garatzeko, zein etorkizunean garatu beharrekoak finantzatzeko, 200.000€ko funts baten sorrera proposatu dute jeltzaleek.

2.  200.000€ko funts baten sorrera

“Beharrezko ikusten dugu funts berezi bat sortzea koronabirusari aurre egiteko. Funtsaren helburua  Udalak koronabirusaren aurrean hartuko dituen neurriei ahalmen ekonomikoa ematea du helburu. Mahai horietan hartzen diren erabakiek, atzetik, aurrekontu bat prest izan dezaten, neurriak ahalik eta azkarren inplementatzeko”.

Neurriak bideratzeko, bi mahai sektorial proposatu ditu EAJK:

3. Gizarte Babeserako mahi politiko-tekniko baten osaketa.

“Enpresen geldialdiak, ERTEak, kontratazioak… ezegonkortasun bat nabaria da herriko biztanlerian, beraz beharrezko ikusten dugu, mahai sozial bat martxan jartzea udaleko teknikariak  eta bi alderdi politikoetako ordezkariekin”.

Honen egin beharra, bi astetik behin (gutxienez)  elkartu eta  herriko datuen eboluzioa aztertzea izango da, ondoren neurri berriak ezarri edo ezarritako neurrien efikazia aztertu eta hobetzeko ondoren. Gainera, alderdi arteko proposamenak aztertu eta bateratzeko azkartasuna ere lortuko litzatekeela diote jeltzaleek.

4. Mahai ekonomiko baten sorrera.

“Mahai ekonomikoa aipatzean, Getariako eragile ekonomiko guztien eta herriko alderdien arteko foro baten osaketari egiten diogu erreferentzia” zehaztu dute jeltzaleek.

“Getariako ekonomia kate batean oinarrituta dago, beraz kateko pieza batek huts egiten badu  sektore guztiak kolokan jartzen du. Beraz, beharrezko da ekonomiko hartuko diren neurri guztiak  mahai gainean ezarri  eta sektorearekin elkarbanatzea”.

Mahai honen beste helburuetako bat, neurrien analisia egitea izango da, neurriak eraginkorrak diren edo ez aztertzea beharrezkoa da udal-politikek ahalik eta eragin gehien izan dezaten.

 

“Getariarentzat zein getariarrentzat onena nahi dugu eta gure herritarrek etorkizuna bermatua izatea beharrezkoa da. Ezinbesteko da horretarako lankidetza, krisi honetatik guztiok batera atera gaitezen, inor atzean utzi gabe”.

Udal talde jeltzaleak berretsi du: “bat eginik egingo dugu aurrera Getaria”.