Ezohiko egoera honetan, gozotasun uneak bizitzen ari da azken egunotan Ane Campos futbolari getariarra. Ostegunean jakinarazi zieten Eibar taldea, bere taldea, Iberdrola Ligara, emakumeen futboleko lehen mailara, igoko dela. Horrez gain, bi hilabete etxean eta beste bi lesionatuta egon ondoren, korrika egitera atera ahal izan du aste honetan.

Nola jaso duzue igoeraren albistea?
Aste hasieran albisteak ateratzen ari ziren baina oraindik ez zen ofiziala; ostegunean esan ziguten. Klubeko presidentea gure bideo-deian konektatu zen eta esan zigun Federazioak baieztatu zuela igoera. Sare sozialetan atzo egingo zela ofizial esan zigun. 

Nola eman da igoera?
Gu bigarrenak gindoazen Ligan. Aurrena zen Athletic, gero gu eta hirugarren Barça. Athletic-ek taldea du Lehen Mailan, Barçak ere bai, beraz, guri eman ziguten igotzeko aukera.

Etxean ospatu duzue. Taldekideekin ospatzeko aukerarik izan al duzu?
Bai, beno, bideo-deien bitartez aritzen gara. Konektatu gara bi egunetan denok ikusteko eta ospatzeko: trikitixa jo, panderoa, kantatu, txisteak kontatu… Ez da berdina baina disfrutatzeko momentua izango dugu, dena bezala, etorriko da.

Eibarren, herritarrekin, ospatzeko modurik izango duzuela uste al duzu?
Aurrena, garrantzitsuena, osasuna da eta gero, hau dena lasaitu eta “normalizatzen” denean, izango dugu ospatzeko aukera. Ez da erraza hau lortzea eta, nik uste, egongo dela egiteko modua.

Zuretzat, aurrera begira, zein esanahi du Lehen Mailan jokatzeak?
Txikitatik izan dudan amets bat da. Lehen Mailan dauden jokalari askok ez dute izan taldearekin igoera bizitzeko aukerarik. Uste dut hau opari bat dela, eta ikasi nahiz disfrutatzeko aukera.

Datorren denboraldiari begira, zerbait ba al dakizue?
Oraindik ez dakigu ezer, ez dute ezer esan, ez aurredenboraldia noiz hasiko den, ez Liga… Uste dut gizonezkoen Liga bukatzen denean ikusiko dela.

Bakarkako entrenamenduak luzatu egingo dira orduan?
Bai, uste dut denok kontzientziatu behar dugula aurredenboraldia gogorra izango dela, denboraldi hau lehenago bukatu delako. Bakoitzak bere lana bakarka egin beharko du aurredenboraldira ahalik eta ondoen iristeko.

Zu nola zaude?
Etxean egon gara, egunero ariketak egiten. Taldekide guztiok konektatu eta prestatzaile fisikoak esandakoa jarraitzen genuen, ariketa aerobikoak, indarrezkoak… Orain aukera daukagu kalera korrika egitera joateko eta aprobetxatzen dugu.

Nik, azken txanpan, belaunean min hartu nuen eta ez nuen korrika egiterik, gutxi egin nezakeen. Aurrekoan, aukera eman zutenean, atera nintzen eta oso ondo sentitu nintzen, erritmo onean aritu nintzen, oso gustura. Bi hilabete ez, niretzat lau izan dira korrika egin gabe.

Zerbait gehitu nahi?
Eskerrak eman nahi dizkiot Getariako jendeari, kalera aterata beti eduki dudalako beraien babesa. Saiatuko gara ahal den onena egiten hurrengo urtean eta herrira sari gehiago ekartzen.