Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euro bideratuko ditu artearen eta kulturaren arloan banakako profesional moduan lan egiten dutenentzat. Eskaerak joan den asteartetik, maiatzaren 12tik, aurrera eta hamar eguneko epean, Lanbiden egin behar dira. Eskatzaileak 2019an edo lehenago hasi bazuen kultura edo arte eremuko jarduera, 2019an izandako diru-sarrera garbien hileko batez bestekoaren %70a jasoko du; kantitate hori hilean, gehienez, 1.200 eurokoa izango da. Aldiz, 2020ko urtarrilaren 1etik martxoaren 13ra bitartean -biak barne- hasi bazuen lan jarduera, hilean 950 euro jasoko ditu.

Laguntza horiek, 2020ko martxoaren 14an hasi eta alarma-egoeraren amaiera deklaratzen den hilabeteko azken egunera arte, edo kultura eta arte arloko jendaurreko ikuskizun eta ekitaldi kolektiboak egiteko baimena eman arte eskainiko dituzte. Hala ere, gehienez, sei hilabetez luzatu ahal izango dira. Eskaerak egoitza elektronikoaren bitartez, Lanbideko webgunean egin beharko dira.

Eskaerak aztertzeko ordena zozketa bidez erabakiko da

Jaurlaritzak jakitera eman duenez, eskabide bakoitzari zenbaki bat esleitu eta, haiek aurkezteko epea amaitzean, notario aurrean zozketa eginda zenbaki bat hautatu, eta eskaerak ordena horretan aztertuko dira. Hala, finantzatzeko funtsak agortu artean, deialdiko baldintzak betetzen dituzten guztiei esleituko zaie laguntza. Behin diru-poltsa amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie. Jaurlaritzak adierazi duenez, “ez dakigu deialdiaren dirua agortuko den, agian ez”. Horren berri EAEko Aldizkari ofizialean emango da.

Zozketa bidez egingo den prozedura horrek kritika ugari sortu ditu. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gaia argitu nahi izan du. “Argi dago diru-laguntzak ez direla zozketa bidez esleituko. Kontua da nondik hasi eskaerak aztertzen, eta egoki aurkeztu bada, nondik hasi ordaintzen. Iritsi den lehenengotik? Lehen iritsi den eskaeratik hasteak logikoa dirudi, baina guk eragozpen handiak ikusten genizkion sistema horri”, adierazi du Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak. “Ez genion lehentasuna eman nahi kudeaketan trebeena den horri. Guztiei eman nahi genien aukera berbera. Beraz, eskaerak aurkezteko 10 egun izango dira guztientzat”.