Koronabirusa dela eta, Gipuzkoako hondartzak irekitzeko baldintzak aztertzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Hondartzen Lurralde Mahaia bildu zuen atzo. Hondarribiako, Orioko, Zarauzko, Zumaiako, Debako eta Mutrikuko alkateekin batera, bertan izan zen Haritz Alberdi Getariako alkatea ere. Izan ere, aurtengo denboraldirako, mugikortasunari eta egonaldiari dagokionez, hondartzak egokitu egin beharko dira.

Bileran, foru-ordezkariek CSICen ikerlanaren ondorioak aztertu eta txosten propioak aurkeztu dituzte. Topaketa horretan, Gipuzkoako hondartzak gainerako lurraldeekin batera irekitzea erabaki da. Uztailaren 1ean irekitzeko asmoa adierazi dute, baina datozen asteetan egoerak izango duen bilakaeraren arabera erabakiko da.

Bestalde, Aldundiak Gipuzkoako kostaldeko udalerri guztiei hondartza bakoitzaren azterketa pertsonalizatua egiteko laguntza teknikoa eskainiko die, eta horretarako 285.000 euro bideratuko ditu. Hala ere, kudeaketa kostu guztiak udal bakoitzaren gain egongo dira.

Hondartzan ere segurtasun tarteak

CSICek egindako ikerketaren bitartez, ondorioztatu dute uraren bitartez COVID-19a transmititzea ez dela ohikoa. Beraz, hura kutsatzeko bide nagusia, hondartzetan eta igerilekuetan, eztularekin eta doministikuekin sortzen diren arnas jariakinak dira, baita kontaktu fisikoa ere. Hori horrela, erronkarik handiena, hondartzara joaten direnen artean segurtasun distantziak bermatzea, eta beraz, edukiera kontrolatzea izango da.

Hondartzan dagoen jende kopurua pertsonen edo makinen bitartez kontrolatu beharko da, baina oraindik ez dago ezer zehaztuta. Horrez gain, zonak bereiztea ere proposatu dute: zati batzuk pasilloak izango lirateke eta beste batzuk, berriz, toallak jartzeko guneak.

Haritz Alberdi alkateak ARTZAPEri adierazi dionez, udala hondartzak irekitzearen aldekoa da, baina neurri jakin batzuekin egin beharko dela azpimarratu du: “Segurtasuna eta osasuna izango dira oinarri, eta egiten dugun proposamena egungo egoerara egokitu beharko da”.

Bilkuran zehaztu dute azalera eta eremu komunak egunero garbituko eta desinfektatuko direla. Horrez gain, birusaren biziraupenean nola eragiten duten ikusteko, hemengo hondartzetan ohikoenak diren ingurumen- eta meteorologia-baldintzak aztertu beharko liratekeela gaineratu dute, besteak beste, uraren gazitasuna, iodoa, argi ultramoreak, hezetasun erlatiboa eta tenperatura. Argi dagoena da, aurtengo hondartza denboraldia berezia izango dela eta segurtasun eta prebentzio neurriak hartu beharko direla.