Mikel Muñoa, Saiaz hoteleko arduradunak, ETB1eko Egun on Euskadi saioan hartu du parte gaur goizean. Martxotik itxita dute hotela eta uztailaren 15etik abuztuaren 15erako tartean mugimendu pixka bat nabaritzen hasi direla adierazi du. Azaldu duenez, epe horretarako, %20-25 dute erreserbatuta. Dena den, argitu du ezjakintasuna dela nagusi eta egoera momentu batetik bestera aldatzen dela.

Espero dituzten bisitak estatu mailakoak dira, eta iparraldeko muga irekiko balitz, “bezero potentzial handia” legokeela esan du, muga ordu erdira dagoelako eta hortik jende asko etor daitekeelako. Azkenean, bisitariak etorri eta udan zehar irekiko balute, dituzten bederatzi langileak beharko lituzketeela argitu du; “uda pasata, irailean eta urrian, auskalo. Dena horrela ari da izaten”.

Probintzien artean mugikortasunik ez

Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eskaria egin diote Espainiako Gobernuari Euskal Autonomia Erkidegoa konfinamendua arintzeko bigarren fasera igarotzeko. Astelehenetik aurrera ezarriko litzateke fase berria, eta aurrekoan egin bezala, erkidegoko gobernuak estatukoak baino neurri zorrotzagoak ezarriko lituzke, esaterako, mugikortasunari dagokionez. Izan ere, euskal ordezkariek ez dute probintzia batetik bestera pasatzen utzi nahi, arrazoi sozioekonomioengatik ez bada, hau da, lanera edo medikuarengana beste probintzietara joateko aukera egongo litzateke baina ez kirola egiteko, aisialdirako edo kultura ekitaldietarako. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak adierazi duenez, hurrengo fase baterako utziko dituzte halakoak.