Gobernu Kontseiluarekin ezohiko bilera egin ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak jakitera eman duenez uztailaren 12an egingo dira hauteskundeak. Lehendakariaren hitzetan, “berme gehien duen data” da. Horrela, gainera, egoerak okerrera egingo balu, “urriaren 25a baino lehen beste aukera bat izango genuke”.

“Hauteskundeak berme osoz egiteko baldintza guztiak betetzen direla” azpimarratu du Urkulluk. Gainera, osasun egoerari “erronka ekonomikoa” ere gehitu behar zaiola adierazi du eta “bi erronka horiei aurre egiteko Legebiltzarra osatuta eta bete-betean lanean edukitzea ezinbestekoa da”. Botoa segurtasunez eman ahal izateko neurriak ere hartuko ditu Jaurlaritzak. Izan ere, bozketan osasuna eta segurtasuna bermatuko dituen prebentzio plan bat ari da prestatzen Segurtasun Saila.

Lehendakariak azaldu duenez, ez da beharrezkoa izango Espainiako Gobernuak alarma egoera kentzea bozetara deitu ahal izateko, horixe izan baitzen, joan den maiatzaren 6an, Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin lortutako akordioaren baldintzetako bat.

EAEn osasun-larrialdia indargabetu da

Hego Euskal Herria osasun-larrialdi egoeratik, zaintza eta kontrolaren etapa berri batera igaro da. Osasun publikoari buruzko azken txostenen arabera, “azken asteotan kasu positiboen beherakada jarraitua izan da, eta hildako pertsonen beherakada etengabea”. Hala, “Euskadik gainditu egin du pandemiaren hedapena geldiaraztea eta osasun-sistemaren kolapsoa saihestea helburutzat zuen osasun-larrialdia”, berretsi du Urkulluk. Aldaketa honi esker, bestalde, uztailean hauteskundeak egitea posible izango da.

Oposizioaren jarrera

Joan den ostegunean bildu zen lehendakaria alderdi politikoekin hauteskundeak noiz egin zehazteko, baina adostasunik gabe amaitu zen bilera hura. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ez dute ontzat jotzen bozak uztailean egitea. EH Bilduren arabera, bozak “berme osoz” egin ahal izateko, osasunari dagozkion gaiak konpontzea beharrezkoa da. Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak salatu du, erabakia gainontzeko talde politikoekin adostu aurretik eta pandemia gainditu gabe hartu duela, “interes pertsonalengatik eta alderdikoiengatik”.

Bestalde, PSE bozak egitearen alde agertu da. Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiaren arabera, hauteskundeek “esperantzarako eta konponbiderako” garai berri bat ireki dezakete. Ildo beretik, Carlos Iturgaiz PPren eta Ciudadanosen arteko koalizioko lehendakarigaiak adierazi du, osasun krisiaren aurrean Espainiako Gobernuak egindako kudeaketa desegokia izan dela, eta horretan, EAJk erantzukizuna duela. Horregatik, egoera horri irtenbide bat emateko ordua dela irizten dio.