Atzo Ertzaintzak Getariako Malkorbe hondartzan zeuden hainbat herritarri gogorarazi zien ezin dela bertan egon. Izan ere, eguraldi ona tarteko jende dezente batu zen hondartzan eta ertzainak pasa ondoren, askok alde egin zuten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den astean herrietako ordezkariekin egin zuen bileran, besteak beste, hondartzen irekieraz hitz egin zuten. Oraindik ez dago argi nola irekiko diren eremu horiek, foru erakundeak muga fisikoak eta edukierakoak ezartzea proposatu du, Udala, berriz, antolaketa dinamikoagoaren aldekoa da, esaterako, hondartza bainatzeko eta jarduera fisikoa egiteko erabiltzea.

Itxiera arintzeko lehen fase honetan, kalera irten daiteke, soilik, jarduera fisikoa, kirola edo erosketak egitera eta tabernako terrazetan egotera.