Gaur argitaratu du Espainiako Gobernuak maskaren erabilera arautzen duen neurria Aldizkari Ofizialean. Bertan jaso dutenez, espazio itxietan eta bi metroko segurtasun distantzia mantendu ezin den eremu irekietan, derrigorrez erabili beharko da.

Bihartik aurrera, sei urtetik gorako pertsona guztiek erabili beharko dute maskara lehen zehaztutako egoeretan. Derrigorrezkoa ez, baina 3 eta 5 urte arteko umeentzat ere gomendagarria dela adierazi dute. Bestalde, salbuetsita egongo dira, osasun arrazoiengatik edo mendekotasuna izateagatik, maskara erabiltzeak kalte egin diezaiketen pertsonak.

Ahal dela, maskara higieniko edo terapeutikoak erabiltzeko aholkatu dute; ahoa eta sudurra estali beharko dute.

Alarma egoera amaitu arte

Maskarak alarma egoerak iraun bitartean erabili beharko dira. Hain justu, gaur arratsaldean egingo dute ezohiko egoera hori luzatzeko bozketa Espainiako Kongresuan. Hasiera batean hilabetez luzatu nahi bazuten ere, badirudi azkenean hamabost eguneko luzapena izango dela, empinaren 7a artekoa alegia. PSOE-Podemos koalizioak ziurtatu ditu EAJren eta Ciudadanosen botoak.