Haurreskolak Partzuergoak gaur, maiatzak 21, ireki du izena eman eta plaza eskatzeko epea. 2019 edo 2020 urteetan jaio eta umea datorren ikasturtearen hasieran, irailetik azarora, lehen aldiz haurreskolara eraman nahi duten guraso edo legezko tutoreentzako da maiatzeko deialdi hau.

Hortaz, datorren ikasturtean, haurra Katxapo haurreskolara eraman nahi dutenek gaurtik ekainaren 8ra aurkez ditzakete eskariak webgune honen bitartez. Aurrez-aurre entregatzeko epea, berriz, ekainaren 1etik 8ra izango da. Bestalde, epe horretatik aurrera jaiotako umeen kasuan, eskaria aurkeztu ahal izango da jaiotze datatik hilabete pasa arte.

Onartuen behin-behineko zerrendak ekainaren 30ean argitaratuko dira, eta uztailaren 1etik aurrera, hamabost egun egongo dira erreklamazioak egiteko. Gainera, eskariari uko egin ahal izango zaio uztailaren 14a arte. Behin betiko zerrendak, azkenik, uztailaren 28an kaleratuko dira. Jaioberrien kasuan, behin-behineko edo behin betiko zerrendetan sartuko dira garaiaren arabera.

Horren inguruko informazio gehiago jasotzeko, 943 004 975 telefono zenbakian edo katxapo.getaria@haurreskolak.eus helbide elektronikoan jar zaitezkete harremanetan Katxapoko ordezkariekin.

Partzuergotik jakinarazi dutenez, datorren ikasturtea 2020ko irailaren 4an hastea aurreikusten da, beti ere COVID-19ak atzerapenik eragiten ez badu.