Oraindik erabakitzeko dago uda honetan hondartzak zein bainu eremuak nola irekiko diren. Hala ere, erakunde publikoek eta pribatuek erabilera plana landu ahal izateko zein herritarrek betebeharrak ezagutzeko, hainbat osasun-irizpidedun gida landu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak.

Gogoratu du “hondartza, erreka, laku eta igerilekuetan COVID-19 kutsatzeko bide nagusia eztularekin eta doministikuekin sortutako arnas-jariakinak eta pertsonen arteko kontaktua direla”. Era berean, dio ez dela oso gertagarria “bainurako egoera estandarrak dituen urarekin kontaktua izateagatik birusak eragindako infekzioa”.

Nabarmendu duenez, funtsezkoa da herritarren eginkizun aktiboa eta arduratsua, eta beharrezkoa prebentzio neurrien inguruko sentsibilizazioa eta komunikazioa handitzea.

Hala, hona gidan jasotako zenbait aholku:

  • Jende pilaketak ekiditea; horretarako, hondartzetako sarrera-irteerak berrantolatu beharko dira.
  • Denbora tarte laburragoz egotea.
  • Ordu batzuetan adin jakin batzuetakoei lehentasuna ematea.
  • Jende askoko orduetan, talde kirolik ez onartzea hondarretan. Paseatzeko zirkuituak eta ordutegiak antolatzea.
  • Ezinbestekoak ez diren azpiegiturak kentzea eta utzitakoak sarri garbitzea. Getariako Udaletik jakinarazi dutenez, datorren astelehenean hondartzetako hainbat dutxa eta hankak garbitzeko eremu kendu egingo dituzte, ezin delako haien arteko distantzia bermatu.
  • Halako guneetan lanean dabiltzanentzat arriskuak ebaluatu eta segurtasuna bermatzeko planak lantzea.
  • Distantzia fisikoa mantentzea, etxe berean bizi ez direnekiko bi metro utziz hondarretan nahiz uretan.
  • Eskuak sarri garbitu eta desinfektatzea. Eskuak garbitu gabe aurpegia ez ukitzea.
  • Toallak ez partekatzea eta etxean, toallak zein bainujantziak garbitzea.