Iazko proiektuetako bat zen kiroldegiko padel pista. 2020ko otsailerako prest egon arren, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek lehenbizi eta koronabirusak eragindako egoerak ondoren, ezin izan dute gaur arte aurkeztu, eta ondorioz, ezta herritarrei ireki ere. Eguerdian udal ordezkariek eta kiroldegikoek iragarri dutenez, astelehenetik aurrera erabili ahal izango da instalazio berria.

Pistak 20×10 metroko azalera du eta beste 10 metro ditu altueran. Estalia da eta altuera jakin batera arte hesituta digo. Hondarra du zoruan, “bestela kolpeekin puskatu egingo bailitzateke lurra bera”.

Astelehenetik aurrera, astean zehar, 08:30etik 12:30era eta 16:00etatik 22:00etara egongo da irekita. Asteburuetan, aldiz, 09:00etatik 13:00etara. Ordubetez edo ordu eta erdiz erabiltzeko aukera gongo da. Bazkideek 10 euro ordainduko dute ordua; bazkide ez direnek, 20 euro. Ordu eta erdigatik, berriz, 12 euro kobratuko zaie lehenengoei, 28 euro bigarrengoei. Materiala alokatzeko aukera ere egongo da, euro batean. Kiroldegiko ordezkariek jakinarazi dutenez, egun bat lehenago egin beharko da erreserba 943 140 432 telefono zenbakian.

Padel pista berria 208.000 euro kostatu da, eta instalazio berri honekin amaitutzat ematen dira azken urteotan kiroldegian egindako hobekuntza lanak. Horiek guztiek 548.000 euroko kostua izan dute, baina jasotako dirulaguntzak tarteko, Udalak 210.000 euro inbertitu ditu kiroldegia berritzen.

Ikastaroak astelehenetik aurrera

Zerbitzu guztiekin irekitzeko aukerarik ez badago ere, astelehenean, maiatzaren 25ean, hainbat ikastaro ematen hasiko dira berriro kiroldegian. Hain zuzen ere, bereizitako gune eta egunetan, spinning, pilates eta aerobik klaseak hartzeko aukera izango dute lehendik apuntatuta zeuden ikasleek. COVID-19ak eragindako egoeragatik, martxoan eman ezin izan zituzten klaseak berreskuratuko dituzte ekainaren 7ra bitartean. Yoga, berriz, online ematen ari dira. Era berean, “haurren eta hirugarren adinekoen ikastaroak ez dira martxan jarriko normaltasun egoera berrira iritsi arte”.

Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak azaldu duenez, segurtasun neurriak tarteko, “spinning frontoira pasa dugu, bizikleta guztiak zabaldu ditugu eta lehengo ikasle kopurua manten dezakegu”. Aerobik ere han ematea aurreikusten da. Goiko gela anitzak 72 metro karratu ditu eta pilates emateko erabiliko da. Hori bai, erabiltzaileak getariarrak direnez, “etorri, egin eta etxera; dutxak itxita egongo dira”.

Ekaineko bigarren astetik aurrera, aldiz, hilabete amaierara arteko beste epealdi bat hasiko da ikastaroetan. Lehendik izena emanda daudenek, jarraitzeko lehentasuna izango dute, kuota proportzionala ordainduta, baina norbaitek utzi nahiko balu, beste pertsona batzuek matrikulatzeko aukera izango lukete.

Segurtasun protokoloa

Zerbitzua eskaini ahal izateko, kiroldegia kudeatzen duen Kirolgune enpresak eta Getariako Udalak segurtasun protokoloa sortu dute. Erabiltzaileek bertan izango dute eskuragarri eta adierazi dutenez, “denon ardura izango da segurtasun neurri hauek betetzea”. Neurri orokorren artean daude, aldagelak, muskulazio eremua, eremu hezea eta tatamia itxita mantentzea.

Padel pistari dagokionez, 14 urtetik beherakoak arduradun batekin erabili ahal izango dute, eta debekatuta dute gainerako eremuak erabiltzea. Sarreran egongo den gel hidroalkoholikoarekin eskuak desinfektatu beharko dituzte, eta erabili ondoren ingurunea eta alokatutako materiala ere desinfektatu egingo da. Ordainketa banku transferentziaz edo BIZUMez egingo da, aurretik.

Ikastaroetako parte-hartzaileek, beraien toalla eraman beharko dute izerdia lehortzeko. Irakasleen eta ikasleen artean hiru metroko distantzia egongo da eta hasi aurretik denek garbituko dituzte eskuak. Ariketak indibidualak izango dira, kontaktua ekiditeko. Azkenik, frontoiko komunak erabiltzeko aukera egongo da, eta egunean bitan desinfektatuko da.

 

Lotutako albisteak: