Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak gaur eguerdian eman du jakitera zein autonomia erkidego pasako diren astelehenean konfinamenduaren bigarren fasera. Horien artean daude Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa.

Bigarren faseak zenbait aldaketa ekarriko ditu, nahiz eta oraindik ezin diren erabat ziurtatu, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarenak baino neurri zorrotzagoak ezartzeko eskumena baitu, lehen fasean egin bezala. Aurreikuspenen arabera, bihar jakingo da hori.

Euskal gobernuaren erabakiak eragin lezake, besteak beste, zinema-areto, antzoki, museo eta gainerako kultura espazioetan. Izan ere, Espainiako Gobernuak maiatzaren 25etik aurrera ireki daitezkeela badio ere, Jaurlaritza ekainaren 1era arte itxita mantentzearen aldekoa da.

Gaur-gaurkoz, iragarri denarekin, bigarren fasera pasatzen diren lekuetan desagertu egingo dira jarduera fisikoa egiteko kalera ateratzeko ordutegiak. Adindunen tarteak izango dira errespetatu beharreko bakarrak, hau da, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. Dena den, horrek ez du eraginik izango Getarian, 5.000 biztanletik beherako herria izanda, duela aste batzuk ezabatu baitzen neurri hori.

Zerbitzuetan izango dira berrikuntzak, izan ere, taberna eta jatetxeek lokal barruak erabil ditzakete; %30eko edukiera izango dute gehienez. Herrian, negozio ugari zeuden neurri horren zain, batzuek zerbitzua zabaldu ahal izateko eta beste hainbatek, bi hilabete eta erdiren ondoren, berriro ireki ahal izateko. Gainera, orain hamar pertsona batzea zegoen bezala, datorren astetik aurrera, 15 bildu ahal izango dira.

Gurtza lekuek %50era arte igo ahal izango dute edukiera, eta beilatokietan 25 pertsona bildu ahal izango dira eremu irekietan, 15 espazio itxietan.