Artearen eta kulturaren arloko dirulaguntzak eskatzeko epea ekainaren 1era arte luzatu du Eusko Jaurlaritzak. Hasiera batean, datorren astelehenean, maiatzaren 25ean, amaitzekoa zen eskariak egiteko aukera, baina bost egun gehiago eman ditu.
Adierazi dutenez, “Jaurlaritzaren helburua da laguntzak eskatzen dituzten langile guztiengana iristea, baldintzak betetzen badituzte”. Baldintzak horiek dira, besteak beste, era esklusiboan aritzea, profesionalki, bertan behera geratutako kultura jardueran. Hala dela ulertuko da haien diru sarreren %60 hartatik eskuratzen badute.
Eskatzaileak 2019an edo lehenago hasi bazuen kultura edo arte eremuko jarduera, 2019an izandako diru-sarrera garbien hileko batez bestekoaren %70a jasoko du; kantitate hori hilean, gehienez, 1.200 eurokoa izango da. Aldiz, 2020ko urtarrilaren 1etik martxoaren 13ra bitartean -biak barne- hasi bazuen lan jarduera, hilean 950 euro jasoko ditu. Alarma egoera amaitzen den unera arte jasoko dute laguntza kulturgintzako langileek.
Dirulaguntza horietara 2,5 milioi euro bideratuko ditu euskal gobernuak.
Lotutako albisteak: