Nekane Murga Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak datorren astelehenetik aurrera, deskonfinamenduaren bigarren fasean alegia, hartuko diren neurrien berri eman dute gaur eguerdian. Bi sailburuek positibotzat jo dute bigarren fasera pasatzeko erabakia; izan ere, “normaltasun berria berreskuratzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko aukera emango die euskal herritarrei”, adierazi dute.

Aurreikusi bezala, mugikortasuna handituko da eta jarduera fisikorako ordutegiak kendu. 70 urtetik gorakoenak eta kolektibo zaurgarrienak bakarrik errespetatu beharko dira, hau da, aholkatu dute ez irtetea 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. Gipuzkoan zehar mugitzea libre izango da, ez, aldiz, beste probintzietara pasatzea.

Elkartzeko baimena ere areagotuko da eta astelehenetik aurrera, baimenduta dago 15 petsonako bilerak egitea familiarekin zein lagunekin. Bilkura horiek etxebizitza partikularretan, lokal pribatuetan nahiz erabilera publikoko guneetan izan daitezkeela iragarri dute.

Era berean, maiatzaren 25etik aurrera, ostalaritzako negozioek jendea hartu ahal izango dute lokal barruan, gehieneko edukieraren %50arekin eta mahaien artean bi metroko distantzia mantenduta. Bezeroek ezingo dute zutik egon. Azaldu dutenez, elkarte gastronomikoak ireki ahal izango dira, ostalaritzako lokalen baldintza berekin, baita desinfekzioari dagokionez ere.

Irekitzeko aukera izango dute, halaber, kultura eta aisialdiko eremuek ere: museoak %50eko edukierarekin, eta kultur etxeak, antzokiak eta zinema-aretoak %30ekoarekin. Azken horietan, gehienez, 50 pertsona egon ahal izango dira. Espazio irekietan, aldiz, heren batekoa izango da gehienezko edukiera, 400 pertsonako gehiengoarekin. Ikus-entzuleek eserita egon beharko dute, distantziak errespetatuz.

Turismoari lotuta, adierazi dute turismo aktibo eta naturala berrekin daitekeela, gehienez 20 pertsonako taldeetan.

Hezkuntzan, DBH 4an, Batxilergoko lehen eta bigarren mailan eta Lanbide Heziketako lehen eta bigarren mailetan aurrez aurreko irakaskuntza berrekitea eta azterketak egitea ahalbidetu dute. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak argitaratu dituen aurreikuspenen arabera, EAEko institutuen %20 inguru eta Lanbide Heziketako ikastetxe gehienak irekiko dituzte astelehenean. Ekaineko lehen astean itzuliko lirateke, aldiz, gainerako ziklo eta mailetako irakasleak zein langileak.

Gainera, hezkuntzarekin lotutako jarduera hauek ere itzul daitezke astelehenetik aurrera: Araubide Bereziko Irakaskuntzak (artistikoak, kirolekoak, hizkuntzetakoak); proba libreak DBH, Batxilergo eta LHko tituluak lortzeko; Enplegurako Lanbide Heziketako prestakuntza-jarduera presentziala eta lanekoak ez diren praktiken moduluak; aurrez aurreko jarduera Unitate Terapeutikoetan eta Hezkuntza Bereziko Zentroetan; hezkuntza- eta prestakuntza-jarduera presentziala euskaltegietan, akademietan, eskoletan eta prestakuntza-zentroetan eta antzekoetan, publiko zein pribatuetan, besteak beste, hizkuntza-, arte- eta kirol-esparruetan; eta azterketa ofizialen deialdia, antolaketa eta ospakizuna (adibidez, HABE).

 

Lotutako albisteak: