Getariako Udalak ireki berri du Katraponako kantina eta komun desmuntagarriak erabili eta ustiatzeko esleipen prozesua. Aurtengo udan herriko ostalariek izan zitzaketen zailtasunak arintze aldera, hasiera batean, Getabat elkarteari eskaini zitzaion. Horien ezezkoaren ondoren, esleipena publiko egin du gaur Udalak.

Azken udatan bezala, langabetuek izango dute lehentasuna (Lanbiden izena emandakoek) eta, gutxienez azken urtean herrian erroldatuak izan beharko dute. Aurten, ordea, hainbat aldaketa egin dituzte, tartean, eskaintzak bi pertsonek batera aurkeztu beharko dituzte.

Esleipena sinatu eta hurrengo egunetik, urriaren 18ra ireki ahal izango da kantina. Denboraldiko lizitazio prezioa 6.000 eurokoa da (iaz 4.500 euro ziren); erdia esleipenetik 30 eguneko epera ordaindu beharko da eta gainerakoa urriaren 15a baino lehen. Horrez gain, 300 euroko behin-behineko bermea eskatuko zaio esleituari.

Proposamen aurkezpena

Kantina ustiatzeko interesa dutenek ekainaren 4ra arte izango dute proposamenak aurkezteko epea. Udaletxean egin beharko dute, 09:00etatik 13:00etara. Esleipenaren baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentuak Getariako Udalaren webgunean jarri dituzte eskuragarri.

Proposamenerako agiriak bi gutunazaletan aurkeztu beharko dituzte. Lehenengoan honakoak sartu beharko dira, Katrapona plazako kantinaren kontratua. Kontratatzeko gaitasuna eta kaudimena izenburuarekin.

  • Lizitatzailearen nortasun agiriaren kopia.
  • Erantzukizunpeko berariazko aitorpena.
  • Behin-behineko bermearen frogagiria.
  • Hizkuntza- baldintzak betetzen direla ziurtatzeko agiriak edo euskera azterketa egin nahi duela jasotzen duen adierazpena.
  • Lanbideko lan eskatzaile bezala inskribatuta dagoela agertzen duen agiria, bertan Getarian egoilarra dela jasoko da.
  • Lehiaketako jakinarazpenak jasotzeko helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa.

Beste gutunazalean, Eskaintza ekonomikoa izenburukoa, Udalak zehaztutako ereduaren araberako proposamena aurkeztu beharko da.