Hondartza denboraldia uztailaren 1ean hasiko da, sorospen zerbitzuak, berriz, ekainaren 15etik aurrera eskainiko dira. Hala erabaki zuen atzoko bilkuran Gipuzkoako Hondartzen Lurralde Mahaiak. Hondartzaren ezaugarrien arabera, udalerri bakoitzak erabakiko dute zein neurri hartu.

Foru Aldundiarekin eta aholkularitza talde batekin egoera berri honetara herriko hondartzak nola egokitu aztertzen ari da orain Getariako Udala. Ondoren, Gurutze Gorriarekin elkarlanean adostuko dituzte neurriak. Oraindik gauza asko daude zehazteke, baina udaletik jakinarazi dutenez, hainbat dutxa eta hankak garbitzeko eremua kendu egingo dituzte, ezin delako haien arteko distantzia bermatu.

Foru Aldundiaren dekalogoa

Hondartzak erabiltzeko kontuan hartu beharreko neurri eta jarraibide batzuk biltzen dituen dekalogo bat sortu du Aldundiak, eta herritarrei horien berri emateko, udalekin batera, kanpaina bat abiaraziko du.

Dekalogo horrek biltzen dituen neurrien artean ondorengoak ageri dira: hondartzara joan aurretik, erabiltzaileek COVID-19aren sintomarik ez dutela ziurtatu behar dute, eta sintomak izanez gero, ez dira hondartzara joan behar; herritarrek erabileraren, sarbidearen eta aforoaren berri izan behar dute; eta hondartzan egonaldi laburragoak planifikatu beharko dira -bi edo hiru ordu gehienez-, pilaketak saihesteko eta beste herritar batzuei hondartzak erabiltzeko aukera emateko.

Bestalde, garbiketa eta desinfektazio neurri gogorragoak hartu beharko direla aurreikusi dute, besteak beste, paperontziak garbitu eta desinfektatu egingo dira, eta hondartzako zerbitzuek emandako hamakak, toldoak eta itzalkinak… kentzea gomendatzen da.