Uztailaren batetik aurrera, Espainian sartzeko, nazioarteko turistek ez dute berrogeialdia egin beharko, hala adierazi zuen atzo Espainiako Gobernuak. Joan den maiatzaren 15etik martxan dagoen neurriaren indargabetzeak turismoari ateak zabalduko dizkio eta sektorea berpizteko berebiziko garrantzia izango du.

Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismo ministroak konfiantza mezu bat bidali die turistei, batez ere, frantsesei eta alemaniarrei. Izan ere, joan den asteburuan, Elisabeth Borne Trantsizio Ekologikoko Frantziako ministroak, bere herritarrei Espainiara ez bidaiatzeko gomendioa egin zien, euren “neurri kontrajarriak” direla eta.