Ohiko udalbatzarra, itxialdiaren ondoren udal aretoan egin zen lehena, bi alderdiek aurkeztutako mozioen bozketarekin hasi zen. Foru Funtsaren inguruko biak udalbatzarrean gaitzat hartzea onartu zuten EH Bilduk eta EAJk aho batez. Hirugarren mozioaren bozketarekin heldu ziren desadostasunak.

COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko neurriak udalbatzarreko gai-zerrendan sartu nahi zituen EAJk. EH Bilduk, aldiz, horren aurkako botoa eman zuen. “Ez da proposamenen aurkako botoa, prozedurarekikoa baizik. Proposamenak aurrekontuen hausnarketatik etorri behar dira; guk egin genuen hori eta horren berri eman zaizue lau aldiz. Zuen hausnarketaren zain jarraitzen dugu. Proposamenak landu egin behar dira aurretik eta gero eraman behar diren lekuetara”, esanez arrazoitu zuen Haritz Alberdik bere alderdiaren ezezkoa. 

Aitor Urresti EAJko bozeramaleak erantzun zion bere alderdiak bi dokumentu aurkeztu zituela, Udalak dirua jartzeko eskatzen zuena bata eta proposamen fiskalena bestea: “Neurri ekonomikoetarako zailtasunak egongo ziratekeela esanda, proposamen fiskalak egin genituen. Momentuz, ez dugu erantzunik jaso”. Honela arrazoitu zuen, halaber, gaia udalbatzarrera eraman izana: “Ikusita koronabirusak herrian izan ditzakeen ondorioak eta oraindik ez dela oinarrizko ekintza ekonomiko edo laguntza indartsurik sustatu, iruditzen zitzaigun gaur lehenengo pausoa emateko aukera ona izan zitekeela. Udalbatzarra herriko foroa da eta iruditzen zitzaigun egokiena izango litzatekeela hemen eztabaidatzea”. Gaia ez zenez zerrendan sartu, EAJko ordezkariek aretoa utzi zuten. 

Hasierako harriduraren ondoren, eta idazkariak legeak agindutako heren bateko quoruma betetzen zela baieztatuta, udalbatzarrak aurrera jarraitu zuen EH Bilduko zinegotziekin bakarrik. 2019ko likidazioaren berri eman zuen Nahia Iturbe zinegotziak, argituz, aurrekontuaren egonkortasunari dagozkion hiru arauak betetzen dituela, eta ondorioz, Udala ez dagoela behartuta plan ekonomiko finantzarioa onartzera. 

Arrantzaren etorkizuna

Udalak eta Bizilur elkarteak adostutako akordioa ere izan zuten hizpide atzoko udalbatzarrean. Bi erakundeek arrantzaren etorkizunaz hausnartzeko lanketa egingo dute, itsasertzeko beste zenbait herrik bezala. Kostako arrantzaren inguruko mahai bat osatzea, arrantzari zein agroekologiari buruzko nazioarteko jardunaldiak, material ezberdina eta arrantzak elikadura hurbilean duen eragina ikusteko azterketak aurreikusten dituzte, besteak beste. Jardunaldiak herrian egingo lirateke. 

Foru Funtsaren mozioa

EH Bilduk zein EAJk aurkeztu zituzten Aldundiak Foru Funtsaren bidez emandako dirua murriztu izanarekin lotutako mozioak. Jeltzaleek lehenago utzi zuten batzarra, ondorioz, ez zen euren proposamena bozkatu; bai, ordea, EH Bildurena. Ibon Gereka zinegotziak azaldu zuenez, EAJren dokumentuari gehiketa bat egin zioten. Lehenak jasotzen omen zuen EUDELek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurralde historiko bakoitzeko udalek elkarlanean aritu behar dutela, eta beraiek gehitu ei zieten elkarlan horretatik ateratako emaitzak lotesleak izatea, “hau da, murrizketak egin behar direnean udalei ere galdetzea, eta ez galdetu bakarrik, elkarrizketa horretatik ateratzen diren emaitzak lotesleak izatea”.