Hilabete bete da Getariako EAJ-PNVk EH Bilduren udal gobernuari koronabirusak herriko ekonomian eragindako kaltea arindu eta berraktibazio fase ezberdinetan enpresari txiki, autonomo eta bertako langileei laguntzeko neurri ugari proposatu zituenetik eta lau bilera izanda ere ez zen lehen neurrien azterketarik eman. Duela bi aste ere, tasa eta zerga ezberdinen bonifikazioak egiteko proposamena luzatu zion Udal Gobernuari. “Ez dugu erantzunik zehatzik jaso”.

EAJk, ikusirik EH Bilduren udal gobernuak ez duela erantzun zehatzik eman eta premiazkoa dela neurriak hartzea getariarrentzako, atzo, maiatzak 26, ospatzekoa zen Plenoko gai zerrendan urgentziaz sartzeko proposamena luzatu zuen, bertan herritarrak eta bertako ehun ekonomikoa laguntzeko neurriak eztabaidatu eta adosteko lehen pusoa emateko. “EH Bilduk ez zuen nahi izan. Ezezkoa izan zen erantzuna”. Horren aurrean, EAJko Udal Taldeak Plenotik alde egin zuen.

“EAJk Getariako ostalaritza, autonomo, hotel, denda, upategi, baserritar eta enpresa txikiei laguntzeko proposatu dituen neurriak. Ezin dugu denbora galdu inaugurazioetan, ekitaldietan, itxurakerietan” adierazi du EAJren Udal Taldeak.

“Herriak erantzun bateratu eta ona behar du. Getariako Udalak gaur egun ez du alor ekonomikoan ezer egin sakonki, ez du neurririk hartu, ezta beharrezko laguntzarik eskaini. Are larriagoa da, jakitun izanda sektoreak herri ekonomikoan duen garrantzia eta ikusita pandemiak zer nolako eragin handia izan duen enpleguan. Getariako ekonomia suspertzeko beharrezko neurriak eztabaidatu  eta onartu  arte lanean gogor jarraituko dugu bide guztiak amaitu arte, Getariako sektore ekonomikoentzako eta bertatik bizi diren herritarrentzako beharrezko baita laguntza. Herriak behar du udal inplikatu bat, herriaren beharrei erantzungo diena;  herritarrekin kontaktu zuzena duen instituzioa da udala,  eta gure herritarren ongizaterako zuzenki eta  azkartasunez erantzun behar diegu COVID19aren efektuei”.