Urtero bezala, udara iristearekin batera, aurten ere TAO zerbitzua ezarriko da herrian. Ekainaren 15ean hasi eta irailaren 13a arte egongo da martxan. Portua kontrolatzen 11 udaltzain laguntzaile ariko dira. Lanpostu horiek betetzeko deialdia lehengo astean egin zen, eta dagoeneko, Udalak aukeraketa egin du.

Koronabirusa dela eta, aurtengo uda berezia izango da, eta zenbait segurtasun eta prebentzio neurri hartu beharko dira. Horren aurrean, Getariako Udala proposamen desberdinak aztertzen ari da eta ARTZAPEri aurreratu dionez, aurten zenbait aldaketa egon daitezke aparkalekuetan, eta ez moilakoetan bakarrik. Dena den, hori aurrerago argituko dela iragarri dute.

Orain arte egindako proposamenen artean dago kirol portuko aparkalekuak lau ordutara mugatzea. “Oraindik, teknikoki posible den ala ez aztertzen ari gara”, dio Haritz Alberdi alkateak. Bestalde, Gurutze Gorriaren alboko aparkalekua ezinduentzat eta bainu egokituarentzat erreserbatuta egongo da. Portuko gainerako eremuak, berriz, beste urteetan bezala kudeatuko dira.

Udari begira aztertu zuten, besteak beste, moilan aparkaleku librea uztea, hau da, TAO zerbitzurik ez ezartzea. Itxialdia arindu ondoren egon den jende mugikortasuna kontuan izanda, atzera egin eta ohiko sistemarekin jarraitzea erabaki dute.

Eranskailua dutenek zerbitzua doan

Urtero bezala, getariarrek eta herrian lan egiten dutenek identifikaziorako eranskailu bat izango dute. Horri esker, ez dute TAO zerbitzua ordaindu beharko.

 

Lotutako albisteak: