Martxoaren 12az geroztik jendaurreko zerbitzua etenda izan ondoren, datorren astelehenean, ekainaren 1ean, irekiko ditu berriro ere ateak Getariako Udal Liburutegiak. Zerbitzua, ordea, mugatua izango da, eta funtzionatzeko modua eraldatzeaz gain, araudia berria ezarri dute. “Denborak aurrera egin ahala gure zerbitzua berreskuratzen eta berregituratzen joango garela espero dugu”, adierazi du liburutegiko arduradunak.

Erabilera neurriak finkatzeko, batez ere, Eusko Jaurlaritzak eta Osalanek liburutegiak irekitzen direnerako sortu duten protokoloan eta ALDEE eta IFLA elkarteek finkatutako neurrietan oinarritu da. Horrez gain, protokolo guztia Getariako Udalarekin adostu dute. Ondorengoak dira adostutako neurriak:

 

  • Irekiera ordutegia 17:00etatik 20:00etara izango da (ohiko ordutegia).
  • Ezer ukitu aurretik, liburutegi barruan egongo den garbigarriarekin eskuak garbitu beharko dira.
  • Kultur etxean pertsonen arteko bi metroko segurtasun distantzia eta txandak errespetatu beharko dira. Zain non egon behar den jakiteko, lurrean X-ak daude markatuta.
  • Eraikin barruan ahoa eta sudurra estaltzeko maskara janztea beharrezkoa izango da.
  • Menpekotasun kasuetan izan ezik, erabiltzaileak banaka joan beharko dira.
  • 14 urtetik beherakoek familiako nagusi batekin joan beharko dute.
  • Oraingoz, maileguak bakarrik egin daitezke; hau da, aleak etxera eramateko edota erabiltzaileek etxean dituzten aleak itzultzeko erabil daiteke liburutegia. Ezingo da bertan geratu marrazten, aleak eta prentsa kontsultatzen, irakurtzen, ordenagailuak erabiltzen, ekintza presentzialak egiten…
  • Itzultzeko diren aleak liburutegiko sarreran espresuki ipiniko den “itzultzepenen kutxa”n utzi beharko dira.
  • Liburutegiko aleak, oraingoz, ezingo dira ukitu, nahi dena liburutegiko arduradunari eskatu beharko zaio.
  • Eskaerak, telefonoz nahiz emailez, aldez aurretik egitea gomendatzen da. Ondoren, eskatutakoa prest dagoenean, erabiltzaileei bila etortzeko abixatuko zaie. Harremanetarako kontaktua: 943 89 61 47 (astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara) edo libgetaria@gmail.com. Hala ere, nahi dena libre dagoen jakiteko katalogoan kontsultatu daiteke.
  • Mailegatutakoak etxera eramateko poltsa bat eraman behar da.
  • Ikasteko gela ez da erabilgarri egongo.
  • Komunak ezingo dira erabili.

Berrogeialdian liburutegia garbi mantendu dutela eta bertako arduradunek zainketa horrekin jarraitzeko baliabideak dituztela nabarmendu dute: “lasai etor zaitezkete, herri liburutegia toki segurua da”.