Inguruan ditugun mendiak edota parke naturalak ezagutzeko tresna baliagarria izan liteke Aldundiak sortutako Gipuzkoanatura webgunea. Proiektu honen helburua da, natura-parkeei, oinezko ibilbide homologatuei eta ingurumen-hezkuntzako jarduerei buruzko informazio erabilgarria eta eguneratua eskaintzea.

Bertan, Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin lankidetzan, Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak finkatu eta zerrendaturiko oinezko ibilbideak bilatu ahal izango ditu erabiltzaileak. Ibilbide bakoitzaren maparekin batera, haren iraupena, zailtasun maila, luzera… ikus daitezke. Gainera, ibilbideak ordenagailura edo GPSra jaisteko aukera dago.

Era berean, Gipuzkoan dauden bost parketxeetan antolaturiko ingurumen-hezkuntza eta aisia jardueren berri ematen da. Horrez gain, natura-parkeei eta biotopoei eskainitako atalean, Aizkorri-Aratz, Aralar, Pagoeta, Aiako harria, Iñurritza, Deba-Zumaia eta Leitzarandik igarotzen diren oinezko ibilbideak eta babesturiko eremu horietako bakoitzean dauden aisia-lekuak adierazten dira.