Arraun denboraldiaren nondik norakoak adosteko, KAE Ligan parte hartuko duten klubek azken asteetan hainbat bilera egin dituzte. Azkena, atzo egin zuten, eta bertan, besteak beste, aurtengo egutegia adostu zuten. Hala, KAEko traineruek uztailaren 11n hasiko dute denboraldia, erlojuaren aurkako estropada batekin, eta guztira, 12 jardunaldi jokatuko dituzte. 

Bost estropada eremu hautatu dituzte: Getaria, Pasaia, Getxo, Santander eta Castro Urdiales. Ion Larrañaga Getariako Esperantza traineruko entrenatzaileak ARTZAPEri adierazi dionez, ligak berak zehaztu ditu eremu horiek: “Segurtasun distantziak ahalik eta ondoen bermatu daitezen, leku egokienak eta sakabanatuenak aukeratu dituzte”.

KAE Ligaren antolatzaileek klubengandik hainbat proposamen eta eskaera jaso dituzte. Gorka Leundak, KAE Ligako zuzendaritzako kideak, Euskadi Irratian emandako elkarrizketan adierazi zuenez, “klubek egindako hainbat ekarpen sartu ditugu: egutegiari begira lekuren bat eta estropadaren bat gehitu dugu eta arautegirari begira ere egin dira hainbat aldaketa”. Bestalde, kanporaketak, hainbesteko polemika sortu duen gaia, egin egingo dira. Hala, “denboraldi amaieran, talde batek maila galduko du eta beste batek kanporaketa jokatuko du”.

Uztailean lasaiago hasiko dira eta estropadak txandakatuago jokatuko dituzte. Abuztuan, berriz, lehiaketa gogortu egingo da eta lehenengo asteburuan ezik, gainerako guztietan, bi estropada izango dira. Abuztuaren aurrenengo asteburuan, Espainiako Txapelketa egitekoak dira: “Azken urteetan asteburu horretan estropada izan dugu, baina aurten, 125. urteurrena ospatzen duela eta, Pedreñak Espainiako Txapelketa egiteko asmoa zuela eta bertan parte hartu nahiko zukeela adierazi zuen. Orduan, asteburu hori hutsik uztea adostu zen. Orain, ez dakigu estropada data horretan jokatuko den ala ez. Jokatuko ez balitz, asmoa da asteburu horretan KAE Ligako jardunaldi bat egitea”, dio Leundak.

Segurtasun protokoloak

Egoitza bakoitzean segurtasun txosten bat finkatuko dute. Leundaren hitzetan, “tokiko udalen, kluben eta KAE Ligako arduradunen artean egingo dugu. Arraunlarientzat egokitutako gune bereziak, itsasoratzeko eta lehorreratzeko bideak, ordutegiak, zerbitzuen kokaguneak (komunak…), etab. zehaztuko dira”.

Horrez gain, arraunlariek ere segurtasun eta prebentzio neurriak hartu beharko dituzte. Larrañagak adierazi du, “bakoitzak bere arrauna eraman beharko du, eta nork berea erabiliko du; botila ere bakoitzak berea izango du; gero esan digute txalupa ere desinfektatu egin beharko ote dugun”.

Koronabirusa detektatzeko testei dagokionez, KAEk ez die arraunlariei testik egingo. “Ez dugu test masiboak egiteko aukerarik. Horiek berme bat izan dezaten, kopuru eta maiztasun jakin batekin egin behar dira, eta guk ez daukagu horretarako behar beste baliabide”, dio Leundak. Ligak ez ditu ordainduko, baina klubek bere kabuz egin ditzakete. Getariako arraunlariek odoleko analisiak egin dituzte, Larrañagaren esanetan, “jakiteko koronabirusa pasa dugun ala ez”.

Neguko prestaketa

Getariako arraunlariek negu guztia daramate udako denboraldirako prestatzen, baina beste urteekin alderatuta, aurtengoa oso desberdina izan da. “Etxetik ari dira entrenatzen. Batzuek ergometroa konpartitu egin behar izan dute, baina bakoitzarentzat bat lortzen saiatu gara”, halaxe adierazi du Esperantza traineruko entrenatzaileak.

Kirolariek bakarkako lana egin behar izan dute, baina arrauna taldeko kirola izanik, “herren geratu gara”. Arraunlariek ezin izan dute elkarrekin entrenatu, eta neurri handi batean, oraindik ere hala jarraitzen dute. Ondorioz, konfinamenduak iraun duen bitartean, ezin izan dituzte talde koordinazioa eta izaera landu. “Denok berdin gaude, eta horrekin lasaitu beharko dugu geure burua”, aitortu du Larrañagak. Jada, prestatuta dituzte elkarrekin entrenatzen hasteko protokoloak, baina hori noiz izango den oraindik ez dakite.   

Argazkia: Luis Azpeitia