Koronabirusaren ondorioz, azken hilabeteetan, zerbitzu ugari itxita edota murriztuta egon dira. Ekainaren 1arekin batera, ordea, zenbaitek euren jarduerari berrekin diote. Alde batetik, hainbat segurtasun eta prebentzio neurrirekin, gaur zabaldu ditu ateak Getariako Turismo bulegoak.

Era berean, Lanbidek ere gaur heldu dio aurrez aurreko arreta zerbitzuari. Hala ere, erabiltzaileei ahal den guztia telematikoki egitea eskatu eta gomendatu die. Horrez gain, bulegoetan jende pilaketak ekiditeko, aurretiko hitzordua eskatu beharko da. Hitzorduaren eskaera Lanbideren webgunearen bidez edo telefono bidez -945 160 600 edo 630 305 452- egin behar da.

Lurraldebusen autobus zerbitzuak eta ordutegiak ere zabaldu egin dituzte, eta gaurtik hasita, autobusen maiztasuna, areagotu egingo da.

Balenciaga Museoa bihartik aurrera zabalik

Martxoaz geroztik itxita egon da Balenciaga Museoa ere, eta ia hiru hilabeteren ondoren, bihar irekiko ditu berriro ere ateak. Hala, datozen hilabeteetan, -ekainan, uztailan eta abuztuan- asteartetik igandera egongo da irekita, 11:00etatik 19:00etara. Horrez gain, kontaktu fisikoa ekiditeko helburuarekin, museoak sarrerak online erostea aholkatzen du. Gainera, museotik jakinarazi dutenez, “%15eko deskontua egingo da tarifa guztietan”.

Irekiera, ordea, segurtasun neurri jakin batzuk hartuta egingo da. Alde batetik, museoaren edukiera ohikoaren erdira mugatuko dute, eta sartzeko kontrolak jartzeaz gain, bisitak ordutegi tarteen arabera mugatuko dira. Bestalde, kontsigna-zerbitzua, audiogidak eta elementu interaktiboak bertan behera geratuko dira. Azken horien ordez, bisitariek euren mugikorretan deskargatu ahal izango duten doako aplikazioa izango dute eskuragarri.