Gelato Festival World Ranking munduko artisau izozkigile onenen sailkapena da. Urtero eguneratzen da zerrenda, eta aurtengoan, Getariako Dona Doni izozki-dendako Fernando Alberdik 57. postua eskuratu du.

Mundu guztian zehar egiten diren izozkigile txapelketak oinarri hartuta osatzen da zerrenda hori. Alberdik Uztarriari adierazi dionez, orain beste txapelketa batzuetan parte hartzeko asmoa du: “Maiatzean Bartzelonan jokatzekoa zen txapelketa batera joatekoa nintzen eta aurten Alemaniara eta Miamira (AEBak) joateko asmoa ere banuen, baina koronabirusak eragindako egoera dela-eta zaila ikusten dut asmo horiek gauzatzea. Bartzelonako txapelketa urrira atzeratu dute, baina beste biak ez dakigu zertan geldituko diren”. Lehiaketa horietan lortzen dituen puntuek Gelato Festival World Ranking zerrendarako balioko die.